Indar Gorriko kideak epailearen aurretik bihar pasako dira

Guaixe 2016ko ots. 2a, 20:54

Bi altsasuarren atxiloketa salatzeko kontzentrazioak eta manifestazioa egin dira.

Bihar, 9:00etatik aurrera, hasiko dira epailearen aurretik pasatzen atxilotutako Indar Gorriko 18 kideak, horien artean bi altsasuar. Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiko ikerketa sekretupean dago. Hala ere, zenbait hedabidek zabaldu dutenez, “talde kriminaleko kide” izatea leporatuko liekete, ustez “zenbait lesio delitutan parte-hartzeagatik”.

Bitartean, atzo bezala, gaur ere bi atxiloketak salatzeko kontzentrazioak egin dira. Udaletxe parean, Zelai eta San Juan kaleen bidegurutzean eta kultur guneko zabalgunean errepresioaren eta polizia-muntaien kontrako kartelak erakutsiz ordu erdiko kontzentrazioak egin dituzte. Ondoren atzokoa baino askoz ere jendetsuagoa izan den batzarra egin dute zeinetan 300etik gora pertsona elkartu diren. Haren bukaeran manifestazioa egin dute Altsasun barna. Ibilbidean honako leloak oihukatu dituzte: atxilotuak askatu; alde hemendik, utzi bakean eta ez gaituzte geldituko.