Argazkiak, Urbasako neguaz gozatzeko aitzakia

Guaixe 2016ko ots. 3a, 18:44

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak ekimen ez lehiakor batekin gonbite hori luzatu du.

Negua, hitzordua. Eta gaia. Bitartekoak: argazki makina eta ez galtzeko balio duten mapak, GPSak, iparrorratzak eta bestelakoak. Elementu horiekin guztiekin Urbasaren orografiaren txoko bereziez eta gordetakoez gozatzeko gonbitea luzatu du Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. Bigarren aldia da ekimen ez lehiakor hori martxan jartzen dutena.

Urbasako “paraje zoragarriei, baina tarteka nahasiei, non bidea galtzea erraza izan daitekeen, argazkiak ateratzea” proposatzen du taldeak, lokalizaziorako egungo baliabideak erabiliz beti ere. Argazki ekimenaren beste helburuetako bat “egungo teknologiaz gure inguruaz gozatzea” baita.

Arauak
Altsasuko Mendigoizaleen argazki ekimenean parte hartu nahi duenak www.altsasukomendigoizaleak.com web orrian izena eman beharko du. Ordutik aurrera argazkiak ateratzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek. Epea otsailaren 26an despedituko da. Argazkilari bakoitzak 6 argazki aurkeztu beharko ditu, .jpg formatuan eta erresoluzio orijinalean. Lanak Altsasukomendigoizaleak@gmail.com e-postara bidali beharko dira (www.wetransfer.com bidez bidaltzea aholkatu dute). Argazki bakoitzak izenburua izan beharko du, baita atera den tokiaren izena, toponimoa. Bidalketarekin batera argazkilaria zein den adierazi beharko da.

Jasotako argazki guztiak Akilasen bordan (Eskizako saroia, Otsoportilloko bidean 5. km) proiektatuko dira, martxoaren 12an, 16:30ean. Bidea elurragatik itxita balego, kanpinean. Argazki emanaldiaren ondoren auzatea eta parte-hartzaile guztiendako txaloak izanen dira.

Gonbitea
42 50 09 37N—2 08 25 37W) DATUM (WGS 84) geografia-puntuan dagoenari argazkia ateratzera gonbidatu du taldeak, “derrigorrezkoa ez bada ere”.