Inauteriek eta kinto ospakizunek bat egitean aurtengo kintoek ohiko 5 egunetako ospakizunei astearte inauteria gehituko diote. Hala, jai egun bat gehiago izanen dute, bihar hasi eta asteazkenean despedituko baitira Altsasuko kinto ospakizunak. 59 gaztek osatzen dute aurtengo kintada, 34 neska eta 25 mutil. Haien guztien buru Melany Morales eta Imanol Lobo Yeregi (erregina eta erregea) eta Paula Diaz Diego eta Alberto Barrikarte Calvo dira (erregina-ordea eta errege-ordea). Hirugarren urtez segidan guztiek batera eskatuko dute. Aurten 25 urte beteko dira neska talde bat Santa Ageda eskean aritu zena.
Kinto altsasuarrek gaur hasiko dituzte euren ospakizunak. Haietako batzuk Santa Agedaren omenezko elizkizunean izango dira gaur iluntzean. Handik aterata, txistulariak lagun, kalejiran abiatuko dira herrian barna. Hala ere, indarrak biharko gorde dituzte. Bihar, goizeko 7:00etarako kintoak kalean izanen dira, festarako dirua eskatzen. Neskak baserritarrez jantzita eta mutilak goitik behera txuriz, bularra gurutzatzen dien zapiekin, kaikuekin eta txapelarekin. Bi ordu geroago, goizeko 9:00etan, kintadako lau buruak, Maider eta Axio zahato-eramaileak lagun, udaletxetik abiatuko dute santa-eskea. Mutilek, gainera, zintaz edertutako gorosti makila eta dirua jasotzekoo zilarrezko erretilua izanen dituzte aldean.
Kintoak hirunaka opil bana egin dute eta haiek jasotzeaz arduratuko dira buruak. Opil bat jasotzen duten bakoitzean, esker onez, jota eta porrusalda dantzatuko dute. Opil horiek saldu eginen dituzte, lortutako dirua gainontzeko kintoek lortutakoarekin batuz. Dirutza horrekin kinto ospakizuneko bazkari-afariak eta bestelakoak ordainduko dituzte. Urtero moduan, gauero taberna batean ordu txikiak arte egonen dira. Gaur Gautxorin, domekan Koxkan, astelehenean Xumen eta asteazkenean Arkangoan.
Dantza
Gaurko eskea 16:00ak aldera bukatuko dute. Majo bazkaldu eta gero, Foru plazara hurbilduko dira eta 19:00etatik aurrera, txandaka, guztiek zortzikoa dantzatuko dute. Bost egun dituzte denak dantza egiteko. Gainera, jota eta porrusalda dantzatzen dituztenean nahi duten altsasuar guztiek parte hartuko dute. Andoni Beramendi eta Txetxo Claver izan dira aurten dantza irakasleak. Azken horrek Juan Cruz Bengoetxeari, Pilotori, hartu dio lekukoa. Aurretik, 3 hamarkadaz, Luis Mari Lopez eta Demetrio Urizar izan ziren Altsasuko kintoen dantza-maisuak.
Ezteiak
Alsasuko kintada guztiak bihar elkartuko dira. Baina gaurko egunez festa egun handia dute kinto gisa zilarrezko, urrezko eta platinozko ezteiak egiten dituztenak. Aurten 60 urte egiten dituen kintadak bere ospakizuneko oroitzapen berezia du. Izan ere, Kunkunak zinema amateur taldeak ospakizun haien grabazioa egin zuen. Gaur egun Interneten ikus daiteke bideoa, hemen.