Udaltzaingoaren langile faltaren arazoarendako konponbidea bilatu nahian

Guaixe 2016ko ots. 5a, 10:38
Udaltzainen ibilgailua udaletxe parean aparkatuta.

Altsasuko Udalak, Udaltzaingoa indartzeko asmoz, hiru lanposturen deialdia egin zuen duela urte bat, baina gobernuak errekurritu eta deialdiak geldiarazi zuen. Udalak, beraz, ezin ditu lanpostu berriak sortu. Horrek udal poliziak “agente kopuru eskasa” izatea ekarri du, Altsasuko alkate Javier Ollok esan duenez. Gaur egun bina agentek eta laguntzailek osatzen dute Altsasuko Udaltzaingoa. Haiek astelehenetik ostegunera, goizez eta arratsaldez, aritzen dira lanean eta ostiraletik domekara, normalean, soilik goizez.

Udaltzaingoaren agente faltaren gaia Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari  Mª Jose Beaumontekin aztertu zuen Ollok ilbeltzaren 22an. “Herritarren arazoekiko gertutasunagatik Udaltzaingoak egiten duen lan garrantzitsua” azpimarratu du alkateak.

Beaumountek Altsasuko Udaltzaingoaren egoeraren berri badu: “udaletik gau askotan Foruzaingoaren presentzia eskatzen da udaltzainik ez dagoelako. Eta batzutan egunez ere, udaltzainak bi direlako. Zangozan antzeko arazoa dute”. Kontseilariak gai hori marko orokorrago batean landuko dutela jakinarazi du.

2017ko apirilaren aurretik Nafarroako Parlamentuan tokiko polizien lege proiektua aurkeztu behar dute. Departamentuan lantzen ari dira, baina udaltzaingoa duten udal guztietako alkateekin bilera egin nahi du Beaumontek, “legea egiteko lantalde bat sortu eta koordinatzeko, denen onurarako izateko”. Udalek interes kontrajarriak dituztela azaldu digu kontseilariak: “batzuk udaltzainak Foruzaingoan sartzea nahi dute eta, beste batzuk, udaltzain gehiago eskatzen dituzte; gelditutako oposizioak daude”. Hilaren akaberan edo martxoaren hasieran litzateke.

Aurtengo egitekoak
Ollok jakinarazi duenez, Udaltzaingoaren aurtengo egiteko nabarmenenak honakoak izanen dira: pasabideen kudeaketa eta kontrola, eta dagokionean ibilgailua erretiratzea; azokaren kudeaketa eta kontrola; SOS Nafarroarekin eta beste erakundeekin elkarlana; galdutako eta utzitako animaliak jaso, zaindu eta ematea; trafikoa kudeatzea ikastetxeen irteeretan, kirol probetan, kultura ekitaldietan, kontzentrazioetan…; industrialdeen eta aldirietako auzoen kontrola; udal ordenantzen betetzea bermatu; galdutako objektuen kudeaketa eta kontrola; ezgaitasun, txakurren eta pistetako txartelen kudeaketa eta kontrola; osasun etxearen kontrola eta zaintzako medikuari eta erizainari laguntzea; trafiko seinaleztapenaren antolakuntza eta kalteen kontrola eta sonometria zerbitzua, alkoholemia, lehen arretak, kaletik ibilgailuak kentzea eta dokumentazioa jasotzea.


2015eko datuak
249 salaketa oinarri informatikoan.
Herritarren 1993 dei jaso ditu.
Arlo sozio-kulturaleko 89 probatan izan zen.
Trafikoari lotutako 395 gaitan aritu da.
106tan animaliekin zerikusia duten gaietan aritu da.
Familia edo auzotarren arteko arazoetan 474 kasutan parte hartu du.
23 trafiko istripuetan izan da.
Lapurrreta, galtze, jasotze edo jabetzaren kontrako kalteengatik 186 salaketa.
Zaratek eragindako kexengatik 11 sonometria egin ditu.
Galdutako 117 objektu bueltatu dizkie jabeei.