Altsasu neskak, Txapeldunen Fasera

Guaixe 2016ko ots. 10a, 11:38

Nafarroako 6 talde onenen artean sailkatu dira altsasuarrak

Aurten estreinatu da Altsasu emakumezkoen taldea. Eta hara zer nolako debuta egin duen. Emakumezkoen Futbol 8 ligako lehen multzoan lehiatzen ari dira altsasuarrak eta primeran ibili dira. Lehen faseko azken jardunaldian, hamalaugarrenean, Altsasuk Ardoi B taldeari 5 eta 1 irabazi eta gero –Irati Igoak 3 gol eta Eiderrek eta Nereak bana–, Gazte Berriak Antsoain da liderra, 27 punturekin, eta Altsasu bigarrena da, puntu berberekin (27 puntu).

Futbol 8 ligako lehen fasea bukatuta, orain bigarrenari ekingo zaio. Futbol 8 ligako 3 multzoetako bi talde onenek Txapeldunen Fasean jokatuko dute, sei talde guztira. Tartean dago Altsasu. Emakumezkoen Futbol 8 ligako sei talde onenen artean daude altsasuarrak, Kirol Sport, Lagunak, Amigo, Beti Gazte eta Gazte Berriak Antsoain taldeekin batera. Txapeldunen fasea otsailaren 20an hasiko da.

“Oraindik ez dugu sinisten, lehen urtean horren denboraldi ona egitea oso zaila delako. Gainera, izugarri kostatu zitzaigun nesken taldea ateratzea. Beraz, lortutakoaz disfrutatu behar dugu eta oraindik lan handiagoa egin beharko dugu bigarren fase honetan, Txapeldunen Ligan, partida batzuk irabazteko” adierazi du nesken taldeko entrenatzaile eta Sociedad Deportiva Alsasuako futbol koordinatzaile Gorka Paskuak. Neskak entrenatzeko lanbidean Adrian Claver du laguntzaile Gorka Paskuak. Lehen Ane Cantero futbolariak laguntzen zion Gorkari, baina utzi egin behar izan du Galiziara joan delako futbolean jokatzera.

Emakumeen Altsasu Futbol Taldea
Jokalariak: Jone Apaolaza, Saioa Sayas, Nerea Arellano, Udane Vergara, Ainhoa Agirre, Amets Oteiza, Aroa Cerezo, Silvia Amores, Maider Granizo, Irati Igoa, Naroa Barriola eta Eider Vicente.
Entrenatzaileak: Gorka Pascua eta Adrian Claver.