Eraso sexistarik ez, ez Altsasun ez inon. Aski da! leloa zuen pankartaren atzean mila bat pertsona elkartu dira Foru plazan gaur. Larunbateko kinto ospakizunak zirela eta Altsasun festa giroa nagusi zela emakume batek sexu eraso larria pairatu zuen, Guardia Civila ikertzen ari dena. Sexu eraso hori salatzeko Altsasuko mugimendu feministak kontzentrazioa deitu du. Harekin bat egin dute makina bat altsasuarrek, baita udaleko kideak ere. Kinto ospakizunetako azkena duten gazteek zortzikoen dantzak eten eta kontzentrazioarekin bat egin dute. Ordu laurdeneko elkarretaratzea txaloekin eta erasorik ez eta erasorik ez erantzunik gabe moduko oihuekin bukatu da.
Altsasuko mugimendu feministatik adierazi dutenez, “Euskal Herri guztia festetan den egun hauetan hainbat herritan eraso matxistak izan dira: Tolosan, Lantzen eta baita Altsasun ere”. Feministek adierazi dutenez, “eraso bat eraso bat da eta ez du justifikaziorik. Berdin da zein testuingurutan den, festak badira ere”. Festa giroko jokabide matxista guztiekiko gaitzespena adierazi dute, “larrienetik txikienera. Jaia eta festa ez dira inolako aitzakia duintasunaren kontrako jokabideak onartzeko”.
Feministek gogorarazi dutenez, “kaleak, gauak, egunak, jaiak, pertsona guztion gozamenerako dira”. Eta gaztigatu dute: “eraso hauek gizarte arazo bat dira. Jendarte guztiaren ardura da akto matxista hauei erantzutea. Kolektiboki ardura hori gureganatzen dugun heinean, halako erasoak gutxitzen joanen dira”. Horri lotuta, “eraso matxisten aurrean, jarrera aktiboa mantentzea pertsona guztion ardura” dela gogorarazi dute.