Larunbatean Altsasuko taberna batean izan zen sexu erasoaren aurrean Altsasuko Udalak adierazpen instituzionala argitara eman zuen atzo.
Altsasuko Udalak jokabide matxista ororen aurka dagoela adierazten du, “edozein izanik ere hura eragin duen pertsona edo entitatea, eta are gehiago emakumeen osasunaren, duintasunaren eta askatasunaren aurkakoa denean”.
Gehiago, uste osoa duela festetan eta jai-eremuetan ohiko diren jokabide hauek ez direla gertatzen giroarengatik edo drogak kontsumitzeagatik, baizik eta emakumeen eta gizonen arteko harremanak berdintasun ezan oinarrituta daudelako.
Era berean, Altsasuko Udalak konpromisoa hartzen du indarkeria edo eraso matxistak pairatu dituzten emakumeen alde egiteko, eta batez ere, egoera horiek prebenitzeko. Udalak argi baitu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egitea dela bide bakarra, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko.
Herritar guztiei dei egiten die modu aktiboan parte hartzera udalak garatzen dituen eta berdintasunarekin eta indarkeriaren prebentzioarekin lotuta dauden programa eta proiektuetan.
Adierazpen horren bidez dei egiten die Altsasuko gizon eta mutilei eta emakume eta neskei honetarako: alde batetik, neskek eta emakumeek eremu pribatua eta publikoa erabakitzen duten eran okupatzeko duten eskubideari eutsi diezaioten; eta mutilei eta gizonei eskatzen die emakumeen aurkako indarkerian duten arduraren gainean gogoeta egin dezatela, eta kontuan har dezatela haien jokaera erabakigarria izango dela hura ezabatzeko.
Altsasuko Mugimendu Feministak atzorako deitu zuen elkarretaratzearekin bat egin zuen udalak eta altsasuar guztiak parte hartzera gonbidatu zituen.