Eraso matxista larria festa giroan…
Hori da Altsasun gertatu dena. Askotan iruditzen zaigu gauza hauek kanpoan gertatzen direla. Gure herrietan ere gertatzen da. Lantzen, Tolosan, Gasteizen… Festa hauetan leku askotan izan dira eraso matxistak. Zoritxarrez, Altsasun ere.
Halakoak gertatzen direnean festa giroarena nabarmentzen da
Erasoaren ondoren aitzakiak entzun izan ditugu. Hau ere zerbait feminista da. Aitzakiak entzuten dira gure ardura onartzen ez dugulako. Berriro ere emakumea dudan jartzen da halako aitzakiekin: parranda zela, ez naizela gogoratzen, zu ere etorri zinela… Halako gauza sentsazionalistak ezin ditugu onartu.
Kontzentrazio bukaeran esan duzuenez, eraso bat eraso bat da beti.
Hori da. Eraso bat beti da eraso bat. Ez ditugu neurtu behar: hau txikia izan da eta ez dugu salatu behar. Eraso bat da. Pertsonaren duintasunaren kontra egin du. Eta, horregatik, salatu behar da.
Eraso hau festarako leku batean izan da, baina erasoak edozein lekutan gerta litezke.
Kasu honetan parranda zen, gaua zen. Egia da guk, emakumeok, oraindik leku hauek gureganatu behar ditugula. Kaleak eta parrandak ere gureak direlako. Ezin dugu ahaztu egunerokotasunean gertatzen direla, eta edonon.
Autodefentsa feminista aipatu duzue behin baino gehiagotan.
Autodefentsa feminista gure erronka bat da. Gure defentsa, gure eskubidea da. Ez bakarrik indibiduala. Kolektiboa ere izan behar du. Emakume guztiok bat egin behar dugu eta defendatzeko eskubidea daukagu. Ez da soilik erasoa jasaten duen pertsonaren kontu bat. Autodefentsa kolektiboa izan behar du, guztion ardura.
Halako erasoa jasaten duen emakume batek zer egin behar du?
Hasteko feministok hemen gaudela jakin behar du. Eta herriaren elkartasuna duela. Oso garrantzitsua da jabetzea errua ez dela berea. Bera parrandan, edo edozein testuingurutan dago, eta berak ez du erasoa probokatu. Jakin dezala errua berea ez dela eta lasai egon dadila.
Erasoa pairatu duen emakume batek zer ez du egin behar.
Beharbada pertsonala da. Baina egin behar ez duena da bere ohiturak aldatu. Horrela sentitzen badu, ateratzen segitu behar du. Bere eskubideak eskatzen segitu behar du. Isilik egotea azkena, bere ahotsa oso garrantzitsua baita.
Eta mugimendu feministatik jendeari zein eskaera egiten diozue?
Ez dezagun ahaztu, gu Sakana edo Euskal Herri gisa, ez gara munduko parentesi bat. Mundu osoan bezala hemen ere erasoak gertatzen dira. Ez da zerbait ezberdina. Adi eta lanean egon behar dugu, beti.