Zer ote da espazioan bizitzea?

Guaixe 2016ko ots. 18a, 08:30

Zero grabitatea erakusketa gaurtik martxoaren 17ra arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Aldian behin, nazioarteko espazio-estazioaren berri ematen dute albistegietan. Edo halako herrialde batek espazio-misio bat bidali duela jakinarazten digute. Pertsonak espazioaren erdian. Astronauta deitzen zaie mendebaldean. Kosmonauta Errusian. Eta taikonauta Txinan. Eta askotan hor goian dauden pertsona horiei buruzko galdera berak sortzen zaizkigu askori: nola bizi dira? Nola trebatzen dira? Zer jaten dute? Nola asetzen dituzte behar fisiologikoak? Zer da beharrezko hutsean bizi ahal izateko?

Jakin-min hori asetzeko aukera izanen da Iortia kultur gunean ostegunetik aurrera. Espazio-bidaiariek erabiltzen dituzten objektu eta material errealak ikusgai izanen dira: maketa, jantzi, argazki, elementu tekniko eta eguneroko objektuak. Horien bitartez espazio-bidaiarien eguneroko bizitza hobe ezagutzeko aukera emanen du Zero grabitatea erakusketak. Hainbestetan gure buruari galdetu diogun horri erantzuna opatuko diogu, esaterako: zero grabitatean nola moldatzen dira jateko? Eta garbitzeko?

Horrekin batera, espazioaren konkista, SESBen eta AEBen arteko espazio lasterketa, ilargiaren konkista, sateliteak, Marte eta beste planetetara bidalitako esplorazio gailuak… Horiek guztiak eta gehiago gogoraraziko dizkigu erakusketak.