Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Altsasun otsailaren 7ko goizaldean izan zen sexu erasoa salatu zuen atzo. Altsasuko Udalak onartutako adierazpenarekin bat egin zuen Bozeramaileen Batzordeak. Hala, edozein jarduera matxista salatu du, izan erakunderen edo pertsonaren batek egina. Batez ere, emakumezkoen osasunaren, duintasunaren eta askatasunaren kontrako eraso larria bada.
Batzordeko kideen ustez ez festa giroak ezta sustantzien gehiegizko kontsumoak ere ez dute halakorik justifikatzen. “Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko botere eta ezberdintasunezko gizarte harremana da halako erasoen jatorria”. Batzordeko kideek indarkeria jasan dezaketen edo pairatu duten emakumezkoen egoerekiko konpromisoa azaldu dute. “Indarkeriaren kontrako prebentzioa sustatzea eta emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna lortzeko lana” bulkatu beharra aipatu du batzordeak.
Gizarteari berdintasunarekin eta indarkeriaren prebentzioarekin zerikusia duten jardueretan parte hartzeko eskaera luzatu diete. Azkenik, altsasuarrei espazio publiko eta pribatua nahi bezala askatasunez okupatzen segitzeko dei egin diete. Eta, gizonezkoei emakumeekiko indarkeriaren mantentzean duten arduraz hausnartzeko deia egin diete, horren arabera ekiteko eskatuz.