Udalak 6,82 milioi kudeatuko ditu

Guaixe 2016ko ots. 19a, 09:43

Alkatetza duen Geroa Baitik atzo adierazi zenez, “ohiko gastu eta inbertsioei aurre egiteko udalaren ekonomia egoera ona da”. Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontua onartu zuen. Udalak aurten guztira 6.822.865,03 euro izanen ditu kudeatzeko (3,332 milioi langileak ordaintzeko). Haietatik 5.462.370,14 euro udalaren jardunerako dira, 1.018.770,13 euro Aita Barandiaran adinduen egoitzarako eta 341.724,76 musika eskolako patronaturako dira. Alkatearen kalitatezko botoarekin egin zuen aurrera aurrekontuak. Geroa Bai izan zen aurrekontu proiektuaren alde bozkatu zuena. EH Bildu abstenitu egin zen eta kontrako botoa eman zuten PSNk, Goazen Altsasuk eta UPNk.

Aurrekontua onartu aurretik zinegotziek zirriborroari aurkeztutako 19 emendakin bozkatu zituzten. Geroa Bairenak aurrekontu tramitean sortutako premia berriei erantzuten zietela azaldu zuen Javier Ollo alkateak. Horiek aurrera egin zuten. Gazte guneko begiraleen ordutegia zabaltzeko zenbait emendakin aurkeztu ziren. Taldeak ados zeuden, baina dirua zein sailetik ateratzeak iritzi kontrajarriak sortu zituen. Azkenik, kontuak onartu ondoren diru-sail hori aurrekontu-emendakin bidez handitzeko konpromisoa hartu zuen udal batzak. 10.681,2 euro izanen dira.

Inbertsioak
Altsasuko Udalak inbertsioetara 380.089,84 euro bideratuko ditu aurten, aurreko urtean baino %90 gehiago gutxi gorabehera. Inbertsio horien artean jasoa dago Nafarroako Gobernuak 0 eta 3 urte arteko haur eskola egiteko udalari emandako 250.000 euroak. Diru horri haur eskolaren aseguru etxetik udalak jasotako 258.270,01 euroak batu behar zaizkio. 508.270,01 euroak haur eskolara bideratuak ditu udalak. Orain bideragarritasun plana egin beharra du.

Bestalde, Nafarroako Kontu Ganberak eskatu bezala udalak dituen ondasunen, ibilgailuen eta informatika ekipoen inbentarioa eginen du aurten. Bestalde, musika taldeek kexu azaldu dira eszenatokiko toldoaren egoerarekin.

Geroa Baik aurrekontuaren aurreneko lehen zirriborroan eszenatoki berri bat erosteko 35.000 euro bideratu zituen. Baina tramitazioan beste lehentasun batzuk ikusi ditu eta egungo eszenarioarendako toldo berria erostea erabaki da. Oholtza berria heldu den urterako izanen dela esan dute alkatetzatik.

Baso lanetara udalak aurten 70.529,78 euro bideratu nahi ditu (31.425,20 euro Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza lirateke). Hori eskuratu ahal izateko lehenik proiektua egin beharra dago eta hura egiteko 2.372,56 euro jaso da aurrekontuetan.

Inbertsioen zerrenda

Zer Euroak
Zelandi eskolako komunak 51.000*
Zelandi frontoiko teilatuko itajurak konpontzea 13853,77
Udaletxe atzeko patioa itxi 13310
Betierreko pista konpontzea pinudira sartzeko 10627,44
Eszenatokirako toldoa 10521,41
Udal ondasunen inbentarioa 7.260*
Lorezaintzako makineria 6000
Informatika ekipoak 6000
Txunkai auzoan urbanizazio bat 4592,07
Udal artxiboa egokitzeko altzariak 4500
Gatza zabaltzeko makina 3600
Gaztegunerako ekipamendua 3.374**
Basoko inbertsioak zehazteko proiektua egiteko 2372,56
Lanen brigadarako ibilgailua 2300
Basorako makinaria 1300
   
*Udalak eta departamentuak erdibana.  
**Aseguruak ordainduko du.  


Bestelakoak
Dantzaleku kirol guneaz arduratzen direnak, egiteko horretaz aparte, Usolarrain aisialdi gunea mantentzeaz eta garbitzeaz arduratuko dira. Halaxe adostu dute Atabo udal enpresak eta kudeatzaileek. Egiteko horregatik 10.042 euro gehiago jasoko dituzte. Berdintasun sailak genero indarkeriaren kontrako jarduerak aurrera eramateko CAN fundazioaren 10.000 euro jaso ditu. Horiek aurrekontuan jasoak geldituko dira.

Bestalde, Coyser enpresari 114.620 euro ordaintzeko epaia jaso zuen udalak, joan den urtean ordaindu zuena. Baina ordainketan atzeratzean interesak sortu dira eta 3.317,3 euro ordainduko ditu udalak. Alkateak gogora ekarri zuen udalaren iritziz enpresari gehiegi ordaindu zitzaiola eta gaia epaitegian dagoela.



Enpleguaren sustapena
Altsasuko Udalak zortzi pertsona sei hilabetez kontratatzeko 106.608 euro bideratuko ditu (47.952 Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza). Kontratazio horiekin udalak lan brigadan duen langile premia estali nahi du eta, bide batez, finantza-krisiaren ondorioz sortutako langabeziaren kontra egin nahi du. Kontratatuko diren postuak: 2. mailako margolari ofiziala eta peoi bana, 2. mailako bi kisusgil ofizial eta peoi bat, 1. mailako zurgin ofiziala, baso lanetarako 2. mailako ofiziala eta garbiketa lanetarako peoia. Berdintasun Batzordeak proposatu du kontratatuen erdiak emakumezkoak izatea.



Iritziak
EH Bilduko bozeramaile Aranatza Bengoetxeak haien abstentzioa arlo teknikoan eta politikoan oinarritu zuen. Lehenean, 2009ko aurrekontuan izan ziren murrizketen efektuak zuzentzeko planaren lehen urrats gisa definitu zituen aurtengo udal kontuak. Eta haien emendakinak ildo horretan izan zirela adierazi zuen. Aldi berean, alkatetzako taldeari udalaren ibilgailuen berritzerako plana eta dermioko bideen kontserbaziorako hainbat urtetako plana egitea eskatu zion. Iortiako sarrera bidezko ikuskizunetarako bideratutako dirua moldatzea eta soberan dena festak, ospakizunak eta Olentzerora bideratzeko. Nafarroako Gobernutik musika eskolarako diru gehiago etorri daitekeenez, familien diru ekarpena txikitzeko aukera aztertzea eskatu zuen ere.

Arlo politikoari dagokionez, EH Bildukoak adierazi zuen “alkatetzako taldeak aurrekontua kudeatzerakoan kasu askotan ardura eta lan falta ikusi ditugu”. Atabo enpresa publikoaren kudeaketa “penagarria” izan dela ziurtatu zuen, “presidentziaren lan falta zenbaitetan agerian geldituz eta teknikarien bizkar erabaki politikoak utziz”. Udaleko gazteria, kultura edo komunikazio arloko gabeziak ere salatu zituen koalizioak. Bengoetxeak, bestalde, udal teknikariek egindako lana eskertu zuen.

Bengoetxeak adierazi zuen gustatuko litzaiekeela PSNren eta Goazen Altsasuren aurrekontuen inguruko lana “positiboan egina izatea, baina aurkeztutako emendakinen bidez jabetu gara ez zutela aurrekontua onartu nahi. Pena da, askok uste dutena baino gehiago partekatzen dugulako”.

PSNk aurrekontuen kontrako botoa bi diru-sailengatik argudiatu zuen: ikastolari egindako ekarpena (38.000 euro) eta Sakanako Mankomunitateari egindakoa. Juan Migel Perez Hurtadok esan zuenez, udalak langabeen kontratazio gehiago egin beharko lituzke. Ikastolara edo Mank-i bideratutakoaren zati bat horretarako baliatzea nahiko lukete sozialistek.

Goazen Altsasuko (GA) eledun Virginia Alonso aurrekontu zirriborrorako udal langileek egindako lana eskertuz hasi zen. GAk aurrekontuen kontrako botoa eman zuen. Alonsok aurrekontua egiterakoan herritarren parte hartze falta salatu zuen. “Altsasuarren parte hartzearen bidez erabakitako proiektu baterako diru-sail bat sortzea eskatu genuen irailean”. Horrekin batera, udaleko sailen langile premia kontuan hartzeko eskatu zuen. Baita “gizarte larrialdietarako bideratutako diru-saila handitzea ere”.

GA aurrekontuak egiteko prozedura salatu zuen: “informazio batzorde gutxi egin dira eta teknikariei esker sail batzuetatik aurrekontuari egindako proposamenak ezagutu ditugu”. Informazioa eskatu behar izan dutela eta zenbait aldagarriren berri ez dutela jaso salatu zuen. GAkoek aurrekontuak lantzerakoan “proposamen guztiak aztertu eta adostu ahal izateko lan bileren falta” sumatu dute. Bestalde, altsasuarrek aurrekontu zirriborroa ezagutzeko eta horren gainean ekarpenak egiteko deialdia egiteko proposamena egin zutela gogorarazi zuen. “Parte hartzeko eskubidea bermatzeko bidea zen” eta asmo horrekin ere aurrea egin ez zuen emendakina aurkeztu zuen.  

UPNko Javier Lopez Patusek aurrekontuen kontrako botoa honela argudiatu zuen: “udalean gelditu daitekeen dirua zergatik joan behar du Mank-era udalean bertan kudeatu badaiteke”. Enplegua sortzea lehentasuna izan beharko lukeela esan zuen.

Geroa Baiko bozeramaile Unai Hualdek aurrekontua aspaldiko partez sekula baino lehenago onartu zela nabarmendu zuen. Azaldu zuenez, aurrekontu proiektua “taldeen artean aski azaldu eta eztabaidatu da, prozesu gardenena eta parte-hartzaileena egiten saiatuz”.  Hualdek “hurrengo aurrekontuetan altsasuarren parte hartzea bermatzeko publikoki konpromisoa” hartu zuen. Aurtengoan ez zela halakorik izan aitortu zuen. Horretarako formula egokienak aztertzeko prest azaldu zen alkatetzako taldea. Geroa Baitik, bestalde, udalen finantziazioa hobetzeko eskaera egin zen eta Nafarroako Gobernu berriak ekarpena handitzeak eskertu zuten. Aldi berean, estatuaren aurrekontuaren egonkortasun legea kritikatu zuen.

Aurrekontuari dagokionez, udal sailen jarduna mantentzeko aurrekontua zela adierazi zuten alkatetzako taldetik. Aurreko legegintzaldian izandako murrizketen ondorioak zuzentzeko Hualdek esan zuen Geroa Baik eta EH Bilduk bat egiten dutela. Hala ere, koalizioa entzunda aurrekontuen aldeko bozka espero zuela adierazi zuen. PSNri erantzunez ikastola General Motors moduko erakunde pribatu batekin ezin dela alderatu eta haren bokazio publikoa eta egindako ekarpena nabarmendu zuen. Aurrekontua egiterakoan “taldeak entzuten saiatu gara. Egokiak iruditu zaizkigun proposamenei kasu egin diegu”. Egindako ekarpenengatik talde guztiei eskerrak eman zizkien.



Mank hizpide
Altsasuko Udalaeko udal bilkuran Sakanako Mankomunitateari egiten dion diru ekarpena hizketagai izan zen, beste behin. PSNk udalak Mank-i egiten dion diru ekarpena (543.965 euro) birnegoziatzeko eskatu zuen, “ea zein atal jaitsi daitekeen aztertzeko. Esaterako, euskararena (150.000 euro). Udal honetan duen eragina minimoa da”. PSNtik hitz egitera esertzeko eskaera egin zuen.

Goazen Altsasutik (GA) Mank-i buruz “planteamendu politiko falta” salatu zen. “Aurrekontuaren %9,5-10 inguru bideratzen diogu Mank-i eta uste dugu aparteko arreta merezi duela”. GAtik adierazi zuten “formula mankomunatuen, komuneko lanaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren alde gaude; ondorioz, elkartutako zerbitzuen hobetzearen alde gaude”. Baina horrek udal jarduna “ito edo zaildu gabe”. Horregatik, Gak Altsasuk Mank-en duen parte hartzeaz, aurrekontuaz eta hobekuntza posibleez hitz egiteko foroa sortzea proposatu zuen.

Geroa Baitik azaldu zutenez, “Mank-eko aurtengo aurrekontua onartu ez denez, aurreko urteko diru-sail bera mantendu dugu”. GAri zuzenduta, Geroa Baitik gogoratu zion legegintzaldi hasieran erakunde mankomunatuei buruzko batzordea sortu eta GAko buru izatea eskaini ziotela eta ez zuela onartu. (Batzordea ez da sortu). Geroa Baitik gogora ekarri zuten Nafarroako Gobernuak toki administrazioaren mapa zehazteko egitasmoa martxan jarri duela eta han udalen eta mankomunitateen zereginak zehaztuko direla. Geroa Baitik Mank-i egindako ekarpena aztertzeko foroa hori izanen zela adierazi zen, eztabaidaren garrantzia aitortzearekin batera.

EH Bildutik gogorarazi zuten Mank-eko langileak beti informazioa emateko prest azaldu direla nabarmendu zuen. Informazioaz betetako USB memoria bana jaso zela eta han informazio guztia dagoela adierazi zuten. “EH Bildun aspalditik dakigu PSNri min egiten dion bakarra euskararako bideratutako dirua dela”. Sozialistek halakorik ukatu zuten.