Don Juanen memoria garratza

Guaixe 2016ko ots. 19a, 13:59

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Don Juanen mitoa Jose Zorrilaren lumatik sortu zen. 1844an argitaratutako drama erlijioso, fantastiko eta erromantiko horretan Don Juanek hainbat emakume limurtu zituen eta duelutan hainbat gizon hil. Gazte garaian izan zen hori. Orain zahartuta, komentu batean itxita, bere azken egunetan laguntzen duen fraide gazte baten laguntza besterik ez du.

Baina heriotzak barre egiten dio, ez dio azken besarkada eman nahi eta Don Juan Tenorio bere iraganari eta beldurrei aurre egin beharko die. Aldi berean, ordura arte ezezagun zitzaizkion sentimenduak ezagutuko ditu. Tenorioren besoetatik pasa ziren emakumeek haren oroitzapen garratza gorde zuten. Baina are garratzagoa da Don Juanena, ez damutu edo errua sentitzen duelako, baizik eta zahartuta, gaixo, komentuan itxia eta bakarrik, pasatako eta bueltatuko ez diren egun hobeengatik tristura sentitzen duelako.

Abiapuntu hori du Companyia Pelmànec-en Don Juan, memoria amarga de mi obrak. Don Juanen mitoaren errebisio bat da. Erabateko indibidualtasunaren ikur den pertsonaia, zahar eta babesgabe, bizitzaren plazeren berri ez duen fraide gazte baten eskutan. Giza neurriko txotxongiloa da Don Juan eta fraidea (Miquel Gallardo) du aldamenean. Txotxongiloa maneatzailearen eskutan, edo maneatzailea txotxongiloarenetan. Biengan barne borroka sortuko da, emozio eta sentipenen atea zabalduz.