Udal lanetarako 8 langile kontratatzeko prozedura martxan

Guaixe 2016ko ots. 23a, 14:54

Ezinbestekoa da enplegu bulegoan langabetu gisa izena emanda izatea. Gainera, deialdiko zein postutan interesa duen astelehena baino lehen esan beharra dago.

Altsasuko Udalak zortzi pertsona sei hilabetez kontratatuko ditu honako postuak betetzeko: 2. mailako margolari ofiziala eta peoi bana, 2. mailako bi kisusgil ofizial eta peoi bat, 1. mailako zurgin ofiziala, baso lanetarako 2. mailako ofiziala eta garbiketa lanetarako peoia. Azken postu horretan aritzeko eskolatze ziurtagiria eskatzen da, gainontzekoetarako OHO edo parekoa.

Baldintzak
Aurreko hiru hilabeteetan udalaren antzeko deialdi batean kontratuak izan direnek ezin izanen dute deialdira aurkeztu. Postu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzea ezinbestekoa izanen da. Peoi posturako aurkezten direnen kasuan Gizarteratze Errenta edo Soziolaborala jasotzea kontuan hartuko da.

Izena ematen dutenen artean Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lehen aukeraketa bat eginen du. Horien berri udalari jakinaraziko dio eta hark hautaketa probak eginen ditu. Gainera, euskara ezagutza kontuan izanen da. Berdintasun Batzordeak hala eskatuta kontratatuen erdiak emakumezkoak izateko ahalegina eginen da. Zortzi langileen kontratazioak martxoan eginen dira.

Kontratazio horiekin udalak lan brigadan duen langile premia estali nahi du eta, bide batez, finantza-krisiaren ondorioz sortutako langabeziaren kontra egin nahi du. Udalak 106.608 euro bideratuko ditu kontratu horiek egiteko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 47.952 euroko diru-laguntza jasoko du.