Santano, sariak pareka

Guaixe 2016ko ots. 26a, 12:23

Ondare hezkuntzan berrikuntza sustatzen duen OEPEk (Observatorio de Educación Patrimonial en España) eta Alberto Jimenez-Arellano Alonso fundazioak deitutako bi lehiaketetan sari bana eskuratu ditu Helena Santano Cid altsasuarrak. Ondarerako gaituak izeneko lehiaketako lehen saria Santanok eskuratu zuen. In-visible: hilos anudados lanean sortzailea bere adin ezberdinetako argazkiekin egindako soinekoa janzten eta kentzen ageri da. Lehiaketara aurkeztutako lanen artean Santanok hobekien adierazi zuen pertsona baten eta bereziki gertu duen objektu edo ondare ez-material baten arteko lotura.

Irakaskuntza berrikuntza ondarea azalean izeneko lehiaketan, berriz, Santanok bigarren saria eskuratu zuen Los hilos de lo invisible izenburuko interbentzioaren bideoarekin. Ikasleen eta bere ondareen arteko loturak landu behar zituzten sortzaileek. Altsasuarrak Valladolideko campusean hariz amarauna sortu zuen joan den urteko garagarrilaren 12ko eguerdian. Interbentzioaren ondorioz campusetik zebiltzanak hariak goitik pasatzen ikusten dira. Eta guztia Altsasuko ezkila errepikaren soinu grabazio batekin lagunduta dago. Arte terapia masterra bukaeran egin zuen Valladolideko interbentzioa (hiri horretan eta Madrilen ikasi zuen).

https://youtu.be/Z8wG33gRMS4

https://youtu.be/3sEya4Tt_M8