Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka, koordinazioa

Guaixe 2016ko ots. 26a, 08:54
Txaro Zabal Saenz, Pilar Baigorri Lerga eta Arantza Bengoetxea Intxausti.

Koordinazio taldea sortu dute Altsasuko Udalak, gizarte zerbitzuak, osasun etxeak eta Udaltzaingoak-Foruziangoak. Jardunaldi baten bidez Sakanako eragileei koordinazio lan esparru horren berri eman diote.

Altsasuko Udalak emakumeen kontrako indarkeria, arreta koordinatua jardunaldia antolatu zuen asteazkenean. Udaleko Berdintasun teknikari Idoia Goikoetxea Gomezek azaldu digunez, “jardunaldiaren helburua indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta gero eta hobea, koordinatua eta integralagoa ematea zen”. Horregatik, Sakanako hezkuntza, udal, gizarte zerbitzu eta osasun arloko profesionalek eta zenbait herritarrek parte hartu zuten, 45 bat.

Pilar Baigorri Lerga Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen aurkako Indarkeriaren atalburua eta Txaro Zabal Saenz atal bereko teknikariak Nafarroako koordinazioa moduaren berri eman zuten: epaileak, poliziak, gizarte, zerbitzuak, toki erakundeak eta osasunbidea elkarrekin ari dira. Horretaz aparte, dauden baliabideen berri eman zuten: harrera etxeak, harrera integralerako ekipoak, aholkularitza juridikoa eta ekonomi laguntzak.

Arantza Bengoetxea Intxaustik, Altsasuko Udalaren Emakume eta Berdintasunaren Batzordeko lehendakariak, gogorarazi zuenez, Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriarako arreta eta aurreneurriak koordinatzeko erakundeen arteko aurreneko akordioa indarrean dago. “Baina askotan ikusten dugu ez dela ongi ezagutzen eta ez dakigula nola jokatu behar dugun gure herrietan”.

Bi ekimen berri
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka Nafarroan egiten den eragileen arteko koordinazio lanaren parekoa egiten da Altsasun. Udala, gizarte zerbitzuak, osasun etxea eta Udaltzaingoaren bidez Foruzaingoa koordinatuki ari dira. Koordinazio Taldea sortu zuten joan den urtean. Bengoetxeak azaldu zuenez, “dauden baliabideen berri partekatu eta indarkeria egoeretatik emakumeei ateratzen lagunduko dieten jokabideak zehazten ari dira”. Bengoetxeak jardunaldian parte hartu zutenei “indarkeria atzematean” taldearekin harremanetan jartzeko aukera eskaini zien. Jardunaldia bera talde horren lehen ekimena izan da.

Bengoetxeak, bestalde, jakinarazi zuen berriki indarkeria egoerak gainditu dituzten emakumeekin talde bat osatu dutela. “Helburua indarkeria pairatzen ari diren emakumeei laguntza ematea da. Haien parte hartzerik gabe lana hanka-motz gelditzen da”. Esperientzia berri hori taldea osatzen duten emakumeen akordio eta eskaeren arabera garatuko eta batzordetik koordinatuko da.

Emakumearen Batzordea
Altsasuko Udalak 1992an sortu zuen batzordea. Hasieratik bi lan ildo ditu. Batetik,  emakumeenganako indarkeria ezabatu nahi dute. Gizartean eragina duten sentsibilizazioa, trebakuntza, hezkuntza eta prebentzioa ekimenak sustatzen dira hainbat eragilerekin elkarlanean (tailerrak, kanpainak, programak, udal adierazpenak, bandoak…). Azken helburuan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzea da, “hori baita indarkeria desagertzeko bide bakarra”.

Batzordearen bigarren lan ildoa indarkeria jasaten duten emakumeen egoera hobetzea. Egoera horretan dauden emakumeekin bakarka lan egiten da, haiei arreta hobea eta indarkeria egoeratik ateratzean konpainia egiteko. Bengoetxeak segitzen dituzten irizpideak zerrendatu zituen: errespetuan eta babesean oinarritutako jarduera; genero ikuspegitik egina; erantzun integral eta koordinatua; berriro biktima ez bihurtzeko neurriak eta profesionalen trebakuntza. Zinegotziak azpimarratu zuenez, “emakumeengandako indarkeriaren kontrako Altsasuko Udalaren jarduna berdintasun arlotik zuzentzen da”. 

112 telefonoa
Indarkeria egoera bizi duen emakumeak telefono horretara hots egin eta hainbat arlotako profesionalak lan koordinatua hasten dute.



53 kontsulta
Altsasuko Udalaren emakumeendako aholkularitza juridiko zerbitzuak 34 emakumeren 53 kontsulta jaso zituen joan den urtean. Haietatik 8 emakumek genero indarkeria salatu dute eta 4k indarkeria bizi dutela kontatu dute, salatu gabe. Aholkularitza erabili duten 24 emakume altsasuarrak dira, 5 olaztiar, 3 urdiaindar eta arbizuar eta etxarriar bana.


Eskaera
Pilar Baigorri Lerga herrian zegoela baliatuta Altsasuko Udaleko Emakume eta Berdintasun Batzordeko presidente Arantza Bengoetxea Intxaustik eskaera egin zion: genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko ekipo berriak Altsasu eta Sakana bere barruan hartzea. Ekipo horiek genero indarkerian trebatuak daude eta gizarte zerbitzuei hainbat arlotan laguntza ematen diete, errefortzua.

Legearen arabera halako ekipoak Nafarroa guztian egon beharko lukete, baina gaur egun Tuteran eta Lizarran besterik ez daude. Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau alderdien programa-akordioak ekipoak herrialde guztira zabaltzea aurreikusten da. Nafarroako Berdintasun Institutua ekipo berri bat martxan jartzeko lanean ari da gaur egun, kokapena eta baldintzak zehazten. Horregatik, Bengoetxeak Baigorriri eskaera aurrez aurre egin zion.



Erronka
“Sakanako emakumeek dauden zerbitzuen berri jakitea eta indarkeria kasuetan nora joan daitezkeen jakitea da erronka”. Hala uste du Goikoetxeak. “Larrialdi egoeretan protokoloak oso ongi funtzionatzen du. 112 telefonora hor dago”. Goikoetxeak azaldu digunez, “Sakanan kasu gehienak urteetan indarkeriarekin jasaten ari diren emakumeenak dira. Horiek ez dute 112ra hots egiten, ez dute poliziara jotzen. Horregatik, garrantzitsua da emakumeek dauden zerbitzuen eskaintza zein den ezagutzea”.