Aranbururen kantaldia

Guaixe 2016ko ots. 26a, 11:32

Larunbatean, 19:00etan, Altsasuko Haritza tabernan.

Antton Aranburu kantugilea bihar Altsasun izanen da. Ahotsa eta gitarra akustikoa lagun, hala sortzen ditu kantuak Aranburuk. Biharko emanaldian Bikiak izanen ditu aldamenean, hau da, Asier Yarza (kontrabaxua eta koroak) eta Iñaki Fernandez de la Peña (bateria eta koroak). “Bizitzari kantu egiten dion lana” aurkeztera heldu dira Altsasura: “mezu baikor eta sozialekin zipriztindua eta estilo aldetik anitza” den Bizirik diskoarekin (2013). Rock-a eta kantugile amerikarren doinuak akustikoan entzuteko aukera aparta. Lan hori Aranbururen bigarren lana da, 2010ean Gorakada diskoa argitaratu baitzuen.

Kantugileari etxetik heldu zaio musika zaletasuna. Autodidakta, herrian, Busturian hasi zen gitarra jotzen, festetan eta dantza taldeko bandan. Zenbait taldeetako partaide izan zen baina musika bazterrean utzi zuen. 14 abestiz osatutako lana argitaratuz itzuli zen kantagintzaren abarora.