Guadalquivirreko gondolariarena

Guaixe 2016ko ots. 26a, 12:19

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

 

Umore surrealista eta absurduko komedia da Altsasuko Kultura Zerbitzuak biharko eskaintzen duena: Il gondolero di Triana. Sevillako auzo horretako gondola gidariaren, Luigiren bizitzaren gorabeherak antzeztuko ditu Marcelo Casas aktoreak. Cesareo Esteanez umore berezia duen obra horren zuzendaria da.

Luigi urte eta erdiko adinarekin jaio zen Trianan. Luigi Candeli handiaren ilobak, familia aurrera ateratzeko goiz hasi behar izan zuen lanean. Gurasoak, osaba eta aitona bere ardurapean geratu ziren eta bere haurtzaro goxoak bizitza karga handi bat izan daitekeela erakutsi zion. Aurrea egiteko makina bat lanetan aritu behar izan zuen Luigik. Horietako bat gondola gidaria izatea Guadalquivir ibaian. Hala dago jasoa Sevillako artxibo notarialen protokolotan. Trianako gondolari bakarra bilakatu zen. Gizon lerdena, adoretsu eta seduktorea, baina batez ere “faldelak” bere gain hartzen aditua zen Luigi.