VII. Altsasu Duatloiarekin denboraldia abian

Guaixe 2016ko ots. 26a, 14:03

Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasen Duatloi probaren txanda izango da, eta 15:45ean nagusien proba jokatuko da

Inoiz baino goizago iritsi zaigu Altsasuko Duatloia. Bihar jokatuko da, otsailaren 27an, larunbatean, Sakana Triatloi Taldeak hainbat entitate eta babesleen laguntzarekin antolatutako VII. Altsasuko Duatloia. Goizean, 10:30ean, kategoria txikikoak ariko dira lehian, Nafar Kirol Jokoetarako (NKJ) baliagarria den proban, eta arratsaldean, 15:45ean, proba nagusia jokatuko da –15:45ean emakumezkoak eta 16:00etan gizonezkoak. VII. Altsasuko Duatloia, aldi berean, Nafarroako Sprint Duatloi Txapelketa izango da.

“Aurten inoiz baino lehenago jokatuko da proba. Egutegia beteta dago eta ez dago beste datarik. Eguraldiak kezkatzen gaitu gehien. Euria da okerrena, umeentzat bereziki, goizeko 10:30ean hasten direlako. Baina gogoz gaude denboraldia hasteko. Egutegia hasi berri da eta martxan gaude, ez dago aitzakiarik. Altsasukoarekin abiatuko da Nafarroako duatloi denboraldia, urrira arte” azaldu zuen Sakana Triatloi Taldeko presidente Mikel Lakuntzak aurreko larunbatean, Zelandi kiroldegian burututako taldearen aurkezpenean.

Zirkuituari dagokionez, aurreko urteko zirkuitu bera da biharko lasterketarako antolatu dutena. “Antolakuntzaren aldetik ziurtasuna ematen digu, dena kontrolatuta dugulako. Eta kategoria txikikoen kasuan ere haurrek ziurtasun hori dute, badakite non jokatuko den eta ez dira horren urduri egoten” gaineratu zuen Lakuntzak.

10:30ean kategoria txikikoak, TxiokanKategoria txikikoak Txioka haur ikastolaren inguruetan prestatutako zirkuituan lehiatuko dira, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria izango den proban. Aurrebenjaminak 10:30ean hasiko dira, benjaminak 10:50ean, kimuak 11:30ean eta haurrak 12:00etan. Juniorrek eta kadeteek helduen proban parte hartuko dute.

15:45ean helduak: 5 km-22 km-2,5 km
VII. Altsasuko Duatloia arratsaldeko 15:45ean abiatuko da Foruen Plazatik. 15:45ean emakumeak abiatuko dira eta 16:00etan gizonezkoak. Duatletek, Altsasuko herri gunean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira eman beharko diote korrika, segidan Iortia Kultur Gunearen aurrean dauden boxetan, trantsizio gunean, bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatzeko. Hasieran, duatletek Olaztiraino joko dute, Urbasako portua igotzen hasi, eta Altamirako bidegurutzean beherako bidea hartuko dute, Altamira jaitsiz. Altsasu zeharkatuta NA-1000 errepidean aurrera egingo dute, Zegama Ortzaurteko bidegurutzeraino. Bertan buelta osoa hartuko dute, Altsasuko boxetara joan arte. Bukatzeko, bizikleta utzi eta 2,5 km-ko zirkuituari bira bat eman beharko diote korrika, Foruen plazako helmugara iristeko.Aurreko urtean eguraldia oso desatsegina izan zen eta guztira 109 duatleta aritu ziren proba nagusian eta Raul Amatriain eta Ana Casares izan ziren azkarrenak. Atzo Guaixeko erredakzioa ixterakoan Nafar Kirol Jolasetan 75 duatleta eta helduen proban 111duatleta zeuden izena emanda.

Sariak
Lehen gizonezko eta emakumezkoak: Produktu loteak + garaikurra
Bigarren gizonezko eta emakumezkoak: Garaikurra
Hirugarren gizonezko eta emakumezkoak: Garaikurra
Lehen kadeteak, lehen juniorrak, lehen 23 urtez azpikoak, lehen beteranoak eta lehen sakandarrek (gizonak eta emakumeak) trofeoa jasoko dute. Talde onenak saria jasoko du.

www.navarratriatlon.com
Izena ematea eta probaren informazio guztia. Informazio gehiago www.sakanatri.com web gunean.