VII. Altsasuko Duatloia, bertan behera

Guaixe 2016ko ots. 29a, 10:37

Larunbat goizean, boxak elurpean.

Elurragatik ezinezkoa izan zen Nafarroako duatloi egutegia zabaltzen zuen proba jokatzea

Elurragatik eta eguraldi baldintza kaxkarrengatik bertan behera geratu zen Sakana Triatloi Taldeak larunbatean antolatutako VII. Altsasuko Duatloia, aldi berean Nafarroako Sprint Duatloi Txapelketa izan behar zuena. 157 duatleta zeuden izena emanda baina elurra zela eta, ezinezkoa izan zen proba burutzea. Aurretik, goizean, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria zen kategoria txikiko probak jokatzekoak ziren Txioka ikastolaren inguruetan. 103 neska-mutiko zeuden izena emanda, baina elurrarengatik ezin izan ziren aritu.

 “Antolatzaileek epaileekin eta poliziako arduradunekin egindako bileraren ondoren proba bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Ibilbide guztian barna elurra dago eta segurtasunagatik proba bertan behera uztea erabaki arduratsuena dela iruditzen zaigu” azaldu zuten Sakana Triatloi Taldeko kideek larunbat goizean sare sozialetan. Hartuko dituzten erabakien berri emango dutela ere gaineratu zuten.