Sozialista altsasuarrek ez dute Sanchezen egitasmoa babestu

Guaixe 2016ko mar. 1a, 14:00
Pedro Sanchez Kongresuan.

%80k ez dute PSNren eta Ciudadanosen arteko akordioa ontzat jo.

Militanteek PSOEko idazkari nagusiak, Pedro Sanchezek, Ciudadanos alderdiarekin lortutako akordioa babestu dute. Eta babes horrekin Sanchez Espainiako gobernuko presidente izateko bere hautagaitza defendatuko du gaur, 16:30ean. Sozialisten %78,76k babestu zuten Sanchezen proposamena larunbatean egindako galdeketan (%51,7ko parte hartzea). Nafarroan militante sozialisten %60k parte hartu zuen kontsultan eta %82,69 alde agertu zen.

Sozialista altsasuarren %80 inguru, berriz, PSOE-Ciudadanos akordioaren kontra bozkatu zuten. Altsasuko PSNko idazkari nagusi Juan Miguel Perez Hurtadok esan digunez, “akordioak ez du ibilbiderik”. Perezek gaineratu duenez, akordioa aztertu zuten eta “urardotutua” zela iruditu zitzaien; “gizarte arloan gehiago espero genuen” gaineratu du.  Sozialista altsasuarren esperantzak martxoaren 5etik aurrerako negoziazio aldi berrian daude.

Prozedura
Presidentea aukeratua izateko gehiengo absolutua behar da, 176 boto. Sanchezek biharko bozketan babes hori lortzen ez badu, kongresuko diputatuak ostiral arratsaldean bigarren bozketa eginen dute. Bi hilabetetan Sanchezek edo beste hautagairen batek Espainiako Gobernuko presidente izateko nahikoa babes lortzen ez badu, garagarzaroaren 26an hauteskundeak izanen dira.