Tabernak mustutzeko data du

Guaixe 2016ko mar. 2a, 19:16

Acantilado filma garagarrilaren 3an mustuko du.

Helena Tabernaren Acantilado filma zinemetara garagarzaroaren 3an iritsiko da, Alfa Pictures banaketa etxearekin. Zinema zuzendari altsasuarrak Lucia Etxeberriaren El contenido del silencio liburuaren moldaketa eraman du iruditara, eta hasieran filmak liburuaren izenburu bera zuen. Gidoia Tabernak berak eta Andres Martorellek eta Nacho Lopezek idatzi dute. Joan den urtean filmatu zuten, Gipuzkoan, Kanaria Handian eta Nafarroan.



Kanariar uharteetan sekta bateko kideak talde suizidioa egiten dutenean, Gabrielek sektako kide zen eta urteetan ikusi ez duen arrebaren bilaketari ekiten dio. Horretan, arrebaren lagun onena zen Helenarekin ariko da.  Jon Kortajarenak, Goya Toledok, Juana Acostak eta Daniel Graok jokatu dituzte pertsonaiak. Pantailan ere Assunpta Serna, Ingrid Garcia Jonsson eta Xabier Elorriaga agertuko dira. Musika Anejel Ilarramendirena da. Filmak 2,5 milioi euroko aurrekontua du eta Lamia ekoizte-etxeak ekoiztu du TVEren, ETBren, Moviestar+en, Euskaltelen, Kanaria Handiko Kabildoaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.