Azilu lagunaren ikuspegitik

Guaixe 2016ko mar. 2a, 16:18

Agustin Gonzalez Azilu konposatzaile altsasuarraren eta Rafael Moneo arkitekto tuterarraren arteko jendaurreko elkarrizketa bat. Horrexek zabaldu zuen Nafarroako Unibertsitatearen Museoak antolatutako Cartografias de la música zikloa atzo. Venezian izandako uda ikastaro batean elkar ezagutu zuten biek, haien sormen ibilbideen hasieran, eta ordutik lagunak dira. Batek bestearen soinu egiturak eraikin handiak ideatzeko erabili ditu eta, besteak, erabateko zehaztasuneko musika eraikuntzei heltzeko material sendoak erabiltzen ditu. Hizlariek euren ibilbideetan eragin dieten arte-adierazpideak errepasatu zituzten.

Aldameneko hizlariaren sormen ibilbideak emanez ondu zen hizketaldia. Trio Arbos hirukoak hirutan eten zien Aziluren obra bana interpretatzeko. Azkena Aziluk Moneoren emazte Belen Feduchi Benlliureri eskainitako obraren mustutzea izan zen.

Biografia laburra
Agustin Gonzalez Acilu Altsasun 1929ko otsailaren 18an jaio zen. Lehen musika ikasketak Altsasun   egin zituen eta Madrilgo Errege Goi Kontserbatorioan segitu zuen. Han  E. Masso, F. Cales eta J. Gomez izan zituen irakasle. Nafarroako Diputazioaren beka batekin Parisen, Venezian, Erroman eta Darmstadten ikasketak zabaldu zituen. Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatoiroan Armonia eta XX. Mendeko teknikak irakatsi zituen. 1976an Espainiako Konposatzaile Sinfonikoen Elkarteko (ACSE) sortzaileetako bat izan zen.

Makina bat obra sortu ditu. Piano eta bilontxelorako kontzertuak idatzi ditu, baita ganbera musikarako hainbat pieza ere. Oratorio Pan-linguistico lanarekin Musika Sari Nazionala jaso zuen 1971n. Bere lan guztiaren aitortza gisa sari bera 1998an berriro jaso zuen. Nafarroako Gobernuaren Kulturaren Bianako Printzea saria jaso zuen 2009an, baita Madrilgo Musikako Kontsrbatorio Nagusiaren urrezko domina ere. Nafarroako Unibertsitate Publikok Honoris Causa izendatu zuen 2011n.