Altsasuko Udalak azken bilkuran Emakumeen Egunaren inguruko institutuzio-adierazpena onartu zuen. Altsasuko udal hautetsiek adierazpen horretan onartu zutenez, “feminismoa ez da matxismoaren kontrakoa, ezberdintasunaren antidoto onena baizik. Orain inoiz baino beharrezkoagoa!” Altsasuko Udalak, gainera, hiru konpromiso hartu zituen. Lehena, “tokian tokiko ikuspegitik lanean jarraituko dugu emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde”. Bigarrena, “mugimendu feministari sostengua eta babesa emanen diogu bere eskaera eta borroketan”. Eta, azkenik, “berdintasun printzipioa bermatuko dugu politika publiko guztietan”. Martxoak 8a dela eta hona Altsasuko Udalaren adierazpena:
Martxoaren 8a urtetik urte oroitzen dugun eguna dugu, emakume guztiendako eskubide guztien aldarrikapen feministaren eta erresistentzia historikoaren inguruan kokaturik. Ukaezinak dira emakumeek eskuratu dituzten lorpenak. Emakumeak gero eta prestatuago daude, gero eta alor gehiagotan, askatasun gehiagorekin, gero eta ahaldunduago daude eta gero eta gehiago dira dagokien eremu soziala aldarrikatzen dutenak.
Emakumeak berdintasunaren eta ahalduntzearen bidean egindako aurrerapenei aurre egin nahian, matxismoaren berrarmatze ideologikoak erantzuten die, azken urteotan ikusten ari garen bezala. Neomatxismo izenpean hainbat diskurtso matxisten indartzea dago. Hauek genero desberdintasunak eta emakume nola sexualitate ez-normatiboen kontrako indarkeria esplizituki nahiz ezkutuki erlatibizatzen eta babesten dute. Emakumeen kontrako indarkeria darabilte politika arrazista eta islamofoboak sustatzeko, emakumeen eskubideen defentsaren itxurapean. Horren erakusle argia da gabon zaharrean Alemaniako hainbat hiritan izandako eraso sexisten ondoren gertatu dena.
Beste alde batetik, egun berdintasunaren irdudikerian bizi gara. Hau da, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu izanaren sentsazio orokortua dago. Baina uste oker horrek ez du inolaz ere errealitatea erakusten. Izan ere, soldata-arrailak argi adierazten du emakumeek bataz beste %27 gutxiago irabazten dutela. Kristalezko sabaia mantentzen da, emakumeak dira oraindik ere etxekolanez nagusiki arduratzen direnak baita zaintza-lanez ere. Oraindik, bikotekide zein bikotekide ohiek emakumeak erailtzen dituzte. Indarkeria sexualak jarraitzen du. Tratu txar eta abusu harremanen oinarrian oraindik dago maitasun erromantikoaren ideala. Eta azken hau, neurri handiagoan ematen da gazteenen artean.
Feminismoak defendatzen du emakumeek gizonek dituzten eskubide berak izan behar dituztela. Hori dela eta, instituzioetatik mugimendu feministen lana eta ahalegina aitortu nahi dugu. Matxismoa lausoagoa eta detektatzen zailagoa da egun eta, horregatik, feminismoa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horixe baita emakume eta gizonen arteko desberdintasunak gainditzeko bide bakarra. Baita pertsona guztiek eskubide, betebehar eta aukera berak izanen dituzten jendartea eraikitzeko bidea.
Emakumeen Nazioarteko Egunak ospakizun/oroitzapen data izan behar du, genealogiak aitortzeko baita aldarrikapenetarako eguna ere, gure gizarte patriarkalak emakumeak diskriminatzen eta ikustezin bihurtzen baititu, eta beraien kontra indarkeriaz dihardu.
Hori dela eta, emakume baten eredua aitortu nahi dugu, Wangari Maathairena. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 2004an eta bere hitzak gogora ekarri nahi ditugu: “Zerbait lortu duten pertsona guztiak lurrean izan dira behin baino gehiagotan. Eta beti altxatu egin dira. Horixe da betidanik egiten saiatu naizena.”