EH Bilduk jasotako proposamenak zehazteko gonbitea egin du

Guaixe 2016ko mar. 4a, 10:04

Javier Paz, Arantza Bengoetxea eta Haizea Ramirez de Alda zinegotziak.

Udal hauteskundeen aurretik EH Bilduk Altsasu 2020 Topaketa irekiak antolatu zituen. Arantza Bengoetxea zinegotziak azaldu duenez, “topaketa haietan ideia mordoa jaso genituen eta orain ideia horiek definitzen eta gauzatzen hasteko garaia da”. Horregatik, koalizioak Altsasu 2020 Zehazten Topaketa Irekiak martxan jarri du.

EH Bilduren ekimenak bi epe ditu. Lehena gaur hasi eta martxoaren 18ra arte iraunen du. Joan den urteko topaketa irekietan altsasuarrek hainbat proposamen egin zituzten. “Zuek datozen hilabeteetan aurrera eraman nahiko zenituzketen proiektuen alde bozkatzeko edo proposamenak egiteko” gonbitea egin dute EH Bildutik. Eskaintzen diren aukeren alde botoa emateko hiru modu izanen dira: Internet bidez; sarearekin moldatzen ez direnei laguntzeko koalizioko kideak Iortia kultur gunearen sarreran martxoaren 8an, 9an eta 10ean izanen dira eta, azkenik, kultur gunean eta udaletxean jarritako kutxetan eman daiteke botoa.

Botoak zenbatu ondoren, babes gehien jasotako hiru proposamenen gainean ariko dira Altsasu 2020 Zehazten Topaketa Irekietan, apirilaren 8-9an. “Metodologia ireki eta berritzaileen bitartez, zuek aukeratutako hainbat proiektu definitzea da helburua, datozen hilabeteetan aurrera eramateko”. Topaketa Irekietan landuko diren gaiak altsasuarrek zehaztea nahi dute.

EH Bildutik altsasuar guztiei parte hartzeko deia luzatu diete, koalizioko bozkatzaileak ez badira ere. “Soilik planteatzen den proiektu batekiko interesa eta lan egiteko gogoa izatearekin nahikoa da. Argi daukagu, bozken gainetik, batzen gaituzten gai asko ditugula altsasuarrok eta ziur gaude denon artean lan eginez, proiektu hobe eta txukunagoak aurrera eramateko gai izanen garela. Denona dena, komuna dena, denon artean kudeatuz”.

Proiektuak
Alokairu soziala. Altsasuko alokairu garestiei aurre egiteko ideiak aztertzea.
Herriaren irudia. Zer da herri garbia? Zer egin irudia aldatzeko?
Helduentzako janari zerbitzua. Etxerako zerbitzu hori eskaintzeko aukerak aztertu.
Hondakinak. Birziklapena handitzeko ideiak.
Pergola. Estalpe finko bat behean ekitaldiak egiteko. Tamaina, kokapena...
Partehartzea. Nola egin udala pixkanaka parte-hartzaileago bihurtzeko?
Zuk proposatutakoa.