Ikastetxe frankista bateko pasadizoak

Guaixe 2016ko mar. 3a, 10:35

Gaur, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Josefina Arregi Klinikako Lagunak elkartearendako izanen da sarreraren zati bat.

Tela Marinera antzerki taldeak Juegos prohibidos antzezlana eskainiko du Altsasun gaur. Alberto Mirallesen Juegos prohibidos eskainiko dute, 1952an girotutako komedia. Frankismo garaian ikastetxeak sexuka banatuta zeuden, baina nesken ikastetxe bat eta mutikoen beste bat Gerrate Zibilean eraikitako tunel batekin lotuta zeuden. Klaseen ondoren, tunel horri esker, elkartzeko aukera baliatuko dute neskek eta mutilek. Protagonistak neska-mutikoak, apaiza, moja alemaniar bat, falangista bat eta emakumeen sekzioko irakasle bat dira. El florido pensil lanaren antzera, garaiko hezkuntza nolakoa zen azalduko du. Castro Urdialesko taldea 2005ean sortu zen, hainbat antzerki talderen banaketen ondoren.

Altsasuko Tarima Beltza amateur antzerki taldeak beste elkartruke programa bat abiarazi du aurten. Haiek beste erkidego batzuetako antzerki taldeekin trukeak egiten dituzte. Programa horren emaitza da gaur eta heldu den larunbatean (Abadiñoko Banarte taldearen Guernica 1913 obra) Iortia kultur gunean izanen diren antzezlanak.

Klinika laguntzeko
Gaurko emanaldiko sarreraren %10 Josefina Arregi Klinikako Lagunak elkartearendako izanen da.