Emakumeen Eguna 2016

Emakumearen Egunagatik hitzordu ugari

Guaixe 2016ko mar. 5a, 10:55

Martxoaren 8aren inguruko egitaraua Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilguneak, Gazteria Zerbitzuak eta mugimendu feministak antolatu dute. Azken horrek bat egin du Emakumeen Egunean bertan Sakanako mugimendu feministak Altsasun deitutako manifestazioarekin. Hura hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, emakumeak elkartzea eta auzateaz gozatzeko gonbitea egin diete. Hala ere, astelehenerako iragarri duten hitzaldian internazionalismoa eta emakumea izanen da hizketagaia. Ostegunerako, mugimendu feministak neskendako eta emakumeendako tailerra antolatu du: Respuestas combativas ante la violencia machista.

Intxostiapunta gazte guneak, bestalde, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako bi jarduera hartuko ditu. Lehena, domekan izanen dena, genero ezberdintasunak antzemateko gakoak emanen ditu. Eta, horrekin batera, nerabeen arteko erlazio interpertsonal egokiak garatzen lagundu eta maitasun erromantikoaren mitoak identifikatu eta apurtzeko irizpideak eman nahi dira. Emagin-eko hizlariak izanen dira 3 m sobre el cielo? Oinak lurrean hobe saioa emanen dutenak. Heldu den asteburuan Zoila Berastegi Mariñelarenak zuzendutako tailerra eskainiko du: Barruan den altxorraren bila. Neskek, bakoitzak bere burua munduan nola ikusten duen jakiteko balioko du saio bikoitzak. Munduaren aurreko nesken jarrera aztertu eta lantzeko dramatizazioa erabiliko dute.

Ultra-trailetan eskarmentu handia duen korrikalari batek, Uxue Fraile Azpeitiak, bere lekukotza emanen du Iortia kultur gunean asteazkenean. Aste bat geroago, toki berean, Assata Shakur Kuban errefuxiatua bizi den Amerikako Estatu Batuetako iraultzailearen autobiografiari buruzko literatura-solasaldia gidatuko du Maria Castejon Leorzak. Aurretik, hilaren 13an, domeka goizean, emakumezkoen lasterketa ez lehiakorra lilasterketa jokatuko da. Izen ematea www.dantzalekusakana.com web orriaren edo 948 564 823 telefonoaren bidez egin daiteke. Edo domekan bertan, 11:00etan, Gure Etxea eraikinean.

Egitaraua
Martxoak 6, domeka
18:00etan 3 m sobre el cielo? Oinak lurrean hobe. Hizlariak: Emagin. Intxostiapunta gazte gunean.

Martxoak 7, astelehena
19:00etan Feminismoa eta internazionalismoa. Mugimendu feminista eta Askapena. Gure Etxean.

Martxoak 8, asteartea
18:30ean Elkartzea eta auzatea. Foru plazan. Mugimendu feminista.
19:00etan Mani-festa-akzioa: Sakana feminista, Sakana askea! Mugimendu feminista.

Martxoak 9, asteazkena
19:00etan Uxue Fraile Azpeitia, ultra-trailetako korrikalaria, Iortia kultur gunean.

Martxoak 10, osteguna
19:00etan Erantzun iraultzaileak indarkeria matxistaren kontra. Las Farrucas. Gure Etxean. Soilik emakumeendako. Mugimendu feminista.   

Martxoak 12, larunbata
18:00etan Barruan den altxorraren bila, neskendako tailerra, Intxostiapunta gazte gunean. Zoila Berastegi Mariñelarena.

Martxoak 13, domeka
11:30ean III. Lilasterketa, Foru plazatik.
18:00etan Barruan den altxorraren bila, neskendako tailerra, Intxostiapunta gazte gunean. Zoila Berastegi Mariñelarena.

Martxoak 16, asteazkena
18:00etan Assata Shakur. La lucha desde la raza liburuari buruzko tertulia, Maria Castejon Leorzarekin, Iortia kultur gunean.