Donostia Antzerki Saria jaso du Ados konpainiaren Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlana. Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako obra da. Losada Dora Salazarren lan plastikotik abiatu zen. Altsasuarraren obra “oso teatrala” dela uste baitu zuzendariak. Salazarren baimenarekin eta erabateko askatasunarekin sortu zuen antzezlana. Hala, aktoreak antzezten duten bitartean altsasuarraren obrak proiektatzen dira; gehienak emakumeen irudiak. Ikuskizun poetiko bat osatzen da. Eszenatokian Sara Cozarrek, Dorleta Urretabizkaiak eta Ane Gabarainek jokatu dute. Alzheimerra duela jakitun da Aurora baina, pixkanaka, burua galtzen ari dela konturatuko da. Eta horrekin batera, bizitzaren kontrola galduz doa.
Donostiako Udalak eta Donostia Kultuak banatzen dute sari hori, aurtengoa 16. aldia da. Hainbat adituk osatutako epaimahaiaren arabera Gipuzkoako hiriburuan joan den urtean euskaraz mustutako antzezlanetan onena izan da. Ados konpainiak hilaren 27an jasoko du saria, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean eginen den ekitaldian.