Emakumeen Eguna 2016

Sakana feminista eta askea aldarrikatu dute

Guaixe 2016ko mar. 10a, 18:19

Emakumeen Egunerako deialdi bateratua egin zuen Sakanako mugimendu feministak. Altsasun 600k gora pertsona elkartu ziren, kaleak eta plazak “salaketa, aldarrikapen, abesti eta dantzekin betez”. Izan ere, manifestazioaren ibilbidean zehar performancea, euskal dantzak, bertsoak eta su inguruko dantzak izan ziren. Bestalde, ibilbidean zehar hainbat lelo oihukatu zituzten: matxismoa terrorismoa da; kaleak, gauak, gureak dira; gora borroka feminista edo patriarkatua, kapitala, aliantza kriminala.

Sakanako mugimendu feministako eledunek lehengo eta behin gogorarazi zuten Emakumeen eguna “data puntual bat besterik ez dela eta gure borroka eguneroko lana da”. Aldi berean, jakinarazi zuten gaurko deialdirako Sakanako mugimendu feministak egindako aliantza “etorkizunera begira irudikatzen dugun proiektu feminista bat da”.

Emakumeendako “bakerik” ez dagoela salatu dute, “ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan; zeinetan emakumeon kontrako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, prekaritate eta muturreko pobrezia egoerak, kolpeak, erailketa… eguneroko errealitate diren". Altsasun izandako indarkeria matxistako kasua gogora ekarri zuten. “Mugimendu feministak irmotik salatzen du indarkeria matxista eta ozen adierazten dugu ez dugula inolako justifikaziorik onartuko ezta sinistuko ere. Argi daukagu, kuleroak jaitsita ere ezetz esan dezakegu”.

Errora
Feministek “arazoaren sustraira” joateko ordua zela adierazi zuten. “Irreala den berdintasun instituzionala eta genero desberdintasuna egiturazkoa” dela onartzeko eskatu zuten. “Horretarako bota ditzagun sutara edertasun kanonak, publizitate sexista, homofobia, gure ahotsen isilaraztea, emakumeon lan ordu bukaezinak, boterea eskuratzeko ezintasun politikoa…”

Kurdistanen, Kolonbian, Guatemalan, Hondurasen eta beste hainbat tokitan eraildako emakumeak gogoan izan zituzten eta “borroka feministak bizirik jarrai dezan nazioarteko elkartasuna beharrezkoa” dela azpimarratu zuten. Bestalde, larunbatean atxilotu zuten Ainara Ladron kidea gogoan izan zuten.

Deialdia
Indarkeria matxistaren kontra eta jendarte eredu berrien alde Gasteizen apirilaren 9an eginen den manifestaziora joateko deia egin zuen mugimendu feministak.