Antzezlan bihurtutako greba

Guaixe 2016ko mar. 11a, 14:37

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunea.

 

Tarima Beltzak beste erkidegoetako antzerki taldeekin trukeak egiten hasi da. Horren fruitu da Castro Urdialesko Tela Marinera taldea Altsasun pasa den ostiralean aritzea. Bihar Abadiñoko Banarte antzerki taldearen txanda izanen da, 2007tik antzokiz antzoki dabilena. Bizkaitarrek Guernica 1913 antzezlana jokatuko dute. Hainbat eta hainbat sari garrantzitsu jaso ditu Rafa Arcek idatzitako obrak, tartean 2013ko antzerki garaikidearen Espainiako Sari Nagusia, eta Espainia ordezkatu zuen Canillejaseko amateur antzerki jaialdian.

Familia bat Eibarretik Gernikara doa bizitzera, lan egiteko, eta bertan lan greba bat dago. Langileak ideia oso kontserbatzaileak dituen fabrikako nagusiaren kontra daude. Asociacion de obreros pistoleros de Gernika-Lumo taldea osatuko dute eta grebara joko dute. Familia horrek albiste gogorrak jasoko ditu, haurdun geratzen den alabarena, tartean. Bestalde, apaiza langileengan eragina izaten saiatuko da, greba bukatzeko. “Azken bi urteetan behin eta berriz antzezlan hau antzezten ari dira eta oso saritua da. Sekulako aukera da Altsasura ekarri izatea” azpimarratu zuen Tarima Beltzako Mertxe Herrerak.

Josefina Arregui Klinikako Lagunak
Emanaldiko sarreran jasotzen den diruaren %10 Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari emanen zaio.