Gozamenez programaren urteurren ospakizunerako gazteak behar dira

Guaixe 2016ko mar. 11a, 09:36

Musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat prestatzeko 16 urtetik gorako boluntarioak eskatu dituzte.

Gozamenez programak gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzea du helburu. Sakanan programak 15 urte eginen ditu aurten. Hura sustatzen duten eragileek urteurrena “ederki” ospatu nahi dute, “ilusio eta konplizitate handiz… ezin baita beste modurik izan; merezi du eta!” Ospakizun horietako ekintza nagusiena antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituen ikuskizuna izanen da. Kabaret erotikoa izena jarri diote.

Gozamenez programako Sakanako arduradunen asmoa da ikuskizuna gazte talde batek sortzea eta Sakanako musika bandak zuzenean musika jotzea. Ikuskizuna antolatzeko Irantzu Gonzalez dantzari altsasuarraren eta Ion Barbarin aktore eta zuzendari ihabardarraren laguntza izanen da.  Apirilaren hasieran hasi nahi dute entseguekin. Entseguak, hasiera batean, ostiraletan  19:30etik 20:30era izanen dira. Plaza mugatuak izanen dira. Sustatzaileek dibertsioa eta gozamena bermatuta daudela ziurtatu dute.

Harremanetarako
intxostiapunta@gmail.com eta gazteria@altsasu.net e-postak edo 948 564 785 telefonoa.