Irailaz geroztik Altsasuk maskotak babesteko lan egiten duen talde bat dauka: Huellas de Altsasu. Kolektiboa herrian eman ziren animalien pozoitze kasuen ondorioz eratu zen. Aurretik pozoitze kasu bakanak gertatuak ziren, baina irailekoa masiboa izan zen. Besteak beste, lau txakur hil ziren pozoia zuten haragizko bolak irensteagatik. Egoeraren larritasunaren aurrean, hainbat jabe sare sozialen bidez hitz egiten hasi, eta modu espontaneoan Huellas de Altsasu sortu zuten. “Basakeria handia izan zen, eta jabeok ikusi genuen bazegoela nolabaiteko talde edo kolektibo bat sortzeko beharra, horrelako zerbait berriro errepika ez zedin. Hasieran kolektiboak atxikimendu kopuru handia izan zuen; 40 bat kide izatera heldu ginen”, azaldu du Huellas de Altsasu-ko bozeramaile Amparo Bengoetxeak.
Behin taldea eratuta, berau osatzen zuten jabeak ohartu ziren beste urrats bat ematea komeni zela. Horrela, elkarte bilakatzeko prozedura abiatu zuten, kolektibo gisa segurtasun eta sendotasun gehiago izateko asmoz. Alegia, ikusi zuten elkarte bilakatuta herrian eta instituzioetan eragina izateko aukera gehiago izango lituzketela. Orduan, baina, kide asko taldetik irten ziren, 40 kide izatetik 14 izatera pasaz. Bengoetxearen arabera, behin egoera baretuta jende askok pentsatu zuen arazoa jada bukaturik zegoela, eta orduan erabaki omen zuten proiektuak jada ez zeukala zentzurik. “Baina, gelditu garenok garbi daukagu arazoak bere horretan dirauela. Izan ere, geroztik beste zenbait pozoitze kasu eman dira. Ez horren masiboak noski, baina kezkagarriak hein berean”.
Gauzak horrela, aurtengo ilbeltzean kolektiboa elkarte bilakatu, eta udalarekin biltzen hasi zen. Orain arte bi bilera egin dituzte, zeinetan alkateak eta etxabereen jabeek gaiaren inguruko iritziak trukatu dituzten. Gainera, lan talde bat eratzea adostu dute. Bertan udaleko talde politikoek, Huellas de Altsasuk nahiz bestelako kolektibo batzuk hartuko dute parte. “Maskoten inguruko arazoak jorratzeko lan talde bat sortzea lorpen handi gisa ikusten dugu. Honek aukera ugari zabaltzen ditu herritarren eta jabeen arteko bizikidetza oztopatzen duten arazoak konpontze aldera”.
Kontzientziazioa, elkarbizitza baketsurako giltza
Egindako bileretan Huellas de Altsasuk hainbat proposamen luzatu dizkio udalari. Guztien artean Bengoetxeak bereziki garrantzizkotzat jotzen du eskoletan sentsibilizazio lana egitea, haurrei azalduz animalia bat izateak zer ardura dakartzan. Bere esanetan, jendeak txikia denetik konprenituko balu maskota bat izateak beronen higieneaz arduratzea suposatzen duela, bizikidetza arazo franko saihestuko lirateke. Elkarteko bozeramailearen aburuz, etxabereen jabe askok egun hezkuntza falta dute, eta horrela zaila omen da egoera normalizatu bat erdiestea: “Hainbat jabek animaliak bakarrik bidaltzen dituzte kalera, bere beharrak egin ditzaten. Jarrera horren atzean hezkuntza falta eta nagikeria dago. Animalia bakarrik irteten bada kaka edonon eginen du, eta ez du inork jasoko. Horrela kalte handia egiten zaio elkarbizitzari”.
Eskoletan kontzientziazio lana egiteaz aparte, maskotendako espazio egokituak sortzea da egin duten beste proposamenetako bat. Euren asmoa belardi batean itxiturak jarri, eta bertan animaliek libre ibiltzeko aukera izatea da, “inor molestatu gabe, eta errepidera joateko arriskurik gabe”. Horrelako espazio bat edukitzea beharrezkotzat jotzen du Bengoetxeak, bere esanetan, jabe askok maiz ez baitute denborarik animaliak mendira eramateko. “Orain kontua da zein belardi egokitu. Uneon hainbat aukera ditugu eskuartean. Espero dugu udalarekin akordiora iristea. Egoera dezente aldatuko litzateke horrelako espazio bat edukita”.
Kide kopurua, ekimenak abiarazteko galga
Bengoetxeak azaldu duenez, datozen hilabeteei begira ideia asko dituzte buruan. Esaterako, higienearen inguruan sentsibilizazio kanpaina bat egitea gustatuko litzaieke. “Higienea modu orokor batean jorratu nahiko genuke, Altsasun garbitasun arazoak ez baitira soilik txakur kakek eragindakoak. Hor daude plastikoak, botilak eta bestelako zaborrak, herriko karriketan pilatzen direnak”. Dena den, jakitun da ezin izanen dituztela eskuartean dituzten plan guztiak gauzatu, kide gutxiegi baitira. “Bilerak hilean behin egiten ditugu, nahiz eta batzuetan sarriago elkartu. Izatez 14 kide gara, baina bileretara ez gara guztiak bertaratzen, konpromiso desberdinak medio. Beraz, lan egiteko jende gutxi gaude”.
Egoera horretan, aurrera egiteko modua gauzak pixkanaka egitea dela deritzo Bengoetxeak. Bere esanetan, esfortzuak kontzientziazio lanetara nahiz jendea erakartzeko moduak bilatzera zuzenduko dituzte. “Ateak edonorendako daude irekita. Kide izateko gurekin harremanetan jartzearekin aski da. Behin ekimenak egiten hasita espero dugu gure jarduna ezagutarazten, eta kide berriak lortzen joatea”.