Bi kalek seinaleztapena mustu dute

Guaixe 2016ko mar. 18a, 09:45

Intxostia zeharkalean eta Isidoro Melero eta San Juan lotzen dituen kale zatian udalak aparkatzea debekatu du, zamalanetarako salbu.

Altsasuko Udalak Intxostia zeharkalean eta Isidoro Melero eta San Juan lotzen dituen kale zatian kartelak jarriz jakinarazi zuen aparkatzeko debekua. Eta berriki indarrean sartu da. Intxostia zeharkalea urbanizatzean oinezkoen gune gisa pentsatu zen, baina kalearen alde batean aparkatzeko aukera utziz. Horren ondorioz kalearen alde batean autoak apenas aparkatzen zuten, baina beste aldea autoz gainezka egoten zen. Horrek, isunak zekartzan.

Arazoa ekiditeko, Altsasuko Udala Udaltzaingoaren txosten batean oinarrituta Intxostia zeharkaleko bi aldeetan aparkatzeko debekua onartu du. Lehen bezala autoak bertatik pasatzeko aukera izanen dute. Zamalanetarako aparkatzeko aukera ere izanen da. Javier Ollo Martinez alkateak esan digunez, “helburua kotxeen eta oinezkoen arteko bizikidetza lortzea da”.  

Bizikidetza hori lortu asmoz, udalak Isidoro Melero eta San Juan kaleak lotzen dituen kale zatian aparkatzea debekatu du. Zamalanetan ari direnak edo autoa bajeretan sartu behar dutenek sartu dezakete soilik autoa. Alkateak gogorarazi du osasun etxearen ondoan autoendako behin behineko aparkalekua dagoela. Altsasun aparkaleku gabezia dagoen galdetuta, alkateak esan digu, behin joan den urteko kontuak itxita, udal batzordean diru soberakinarekin aparkaleku bat egiteko ideia aztertu daitekeela.