Udaltzaingoa duten udalek Polizia Legerako lantandea osatuko dute

Guaixe 2016ko mar. 17a, 18:48

Nafarroako beste 20 udaletako ordezkariekin batera, Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea Tafallan izan zen asteartean. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª Jose Beaumontek udaltzaingoa duten udalei egindako deialdiaren ondorioz bilera egin zuten.  Kontseilariak Nafarroako Polizia Foru Legea egiteko lantaldea sortzea proposatu zien 21 udal ordezkariei, lege horrek etorkizunean polizia horiek arautuko dituelako. Ollok esan digunez, “garrantzitsua da lan talde hau eratzea eta bertan Udaltzaingoa duten udalen ordezkarien artean Foru Lege proposamen egokia prestatzea”. Nafarroako Gobernuak 2017ko udaberrirako aurkeztu behar du lege proposamena.

Bileran bertan beste gai batzuk ere aztertu zituzten: Udaltzaingoko plantillen egoera, beren beharrak eta polizia horien eta Foruzaingoaren arteko elkarrekiko harreman handiagoko eredu baten aldeko apustua egitea, bai eta "bigarren jarduera" izenekoa arautzea ere; haren bidez, adin handieneko agenteak zerbitzu osagarriak egitera pasako lirateke, Suhiltzaileen Zerbitzuarekin gertatzen den moduan. Ollok azaldu digunez, “Altsasuren kasuan garrantzitsua da Udaltzaingoaren eta Foruzaingoaren arteko harremana sendotzea, kontutan izanda lehenengoak duen polizi kopurua eskasa. Langile kopuru horren inguruan bileran argi geratu da herri askotan arazo bera dutela baina Altsasuren kasua larriena dela esatera ausartzen naiz”.

Altsasuko Udaltzaingoaren plantilla gabeziaren arazoa azaldu zion Ollok Beaumonti ilbeltzean egin zuten bileran. Ollok jakinarazi digunez, “legegintzaldi honetan beharrezkoa da Altsasun hain zerbitzu garrantzitsua eskaintzen duen Udaltzaingoaren etorkizuna lantzea”. Udaleko Lan Batzordean aztertuko dute.