57. Erramu Trofeoa igandean jokoan

Guaixe 2016ko mar. 18a, 11:10
Aurreko edizio bateko podiuma.

Junior mailako txirrindulariek Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 57. Erramu Trofeoa jokatuko dute igandean, 10:30ean

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatuta, igandean jokatuko da juniorren mailako 57. Erramu Trofeoa. Proba beterano hau goizeko 10:30ean abiatuko da Sociedad Deportiva Alsasua elkarteko egoitzatik, eta 79 km-ko ibilbidearen ondoren toki berean despedituko da.

Ibilbidea ohikoa izango da. Altsasutik atera eta Zemagarako bidegurutzeraino abiatuko dira txirrindulariak, bertan buelta hartzeko. Segidan Etxarriraino iritsiko dira, handik buelta hartu eta Olaztira bidean Altamira portua igo eta jaitsiko dute. Atzera ere Etxarriraino iritsiko dira, baina kasu honetan Lizarraga aldera joko dute, eta Lizarragako katea igo ondoren, Arbizutik jaitsi eta Altsasurako norabidea hartuko dute. Berriro ere Altamira igoko dute, eta hura jaitsita Altsasuko helmugara abiatuko dira.