Idoia Granizo Uribarrena altsasuarrak Resurreccion Maria Azkue literatur sariketan saria jaso zuen pasa den asteartean. Granizoren Hitzak hots lana gazte mailako olerki onena zela ebatzi zuen epaimahaiak. Bikote harremanak eta norberaren nortasuna hizpide dituen lana da berea. Granizok azaldu digunez, “mutil batekin harremana hasten duen neska baten istorioa da. Hasieran dena ongi doa, tratu txarrak hasten diren arte. Bere buruaz beste egiteko ideia sortzen zaio”. Lehen pertsonan idatzitako istorioa garai hartan irakurtzen ari zen liburu batetik atera zuen: “bere buruaz beste, hil nahi zuen neska bati buruzkoa zen. Gaia hartu eta buelta eman nion”. Neurri eta errimarik gabekoa da saritutako obra.
Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dute Resurreccion Maria Azkue Literatur Saria. Ez da, ordea, Granizok lehiaketa batean jasotzen duen aurreneko saria. Joan den urteko bere uzta honakoa izan zen: garagarrilean Altsasu institutuko narrazio lehiaketa; irailean, bertsoekin, Lazkao Txiki sariketa eta abenduan, Hondarribiko narrazio saria.
Altsasuarrak esan digunez, idazten gustura dabil, “beste mundu bat bezala da”. Bertsolaria ere bada, eta hor sentitzen da “erosoen. Narrazioekin gustura nabil, poesiarekin ez hainbeste, baina saiatzen naiz”. Sortze prozesuaz galdetuta, egunero zerbait idazten duela esan digu: “esaldiren bat, bukaera bat, errimaren bat…” Horiek apuntatu eta lanen bat aurkezteko garaian egokienak iruditzen zaizkionak aukeratzen ditu. Dagoeneko beste bi sariketetan lanak aurkeztu dituela aurreratu digu.