Hiru mendi zerrak lotzera

Guaixe 2016ko mar. 23a, 15:05

Apirilaren 2an, larunbatean, 7:00etan Altsasuko Gure Etxetik abiatuko da mendi ibilaldia. Bi ibilbide egiteko aukera dago eta izena ematea zabalik dago

Altsasuko Mendigoizaleak, Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin eta hainbat entitateren babesarekin, 9. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidea antolatu du apirilaren 2rako. Ibilbide luzeko ibilaldi ez lehiakorra da eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien IX. Txapelketan eta Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuituan sartua dago. Hain zuzen ere, Altsasuko probak Nafarroako Txapelketa mustuko du eta Euskal Herriko bigarren izanen da.

Altsasuko Mendigoizaleak taldeko presidente Javier Zelaiak eta Dantzaleku Sakana klubeko mendiko sekzioko arduradun Julian Otaegik aurkeztu zuten ibilaldia, astelehenean. Zelaiak nabarmendu zuenez, bi ibilaldi egiteko aukera izango da, luzea eta laburra, eta ibilbidea gutxi gorabehera betikoa izango da. “Mendian basolanak egiten ari direnez, makinak eta beste dabiltzan guneetatik ez gara pasako, baina, bestela, ibilbidea betikoa izango da” adierazi zuen Zelaiak. Hortaz, Urbasa, Altzania eta Aralarren barna ibilbide paregabea egingo dute ibilbidean izena ematen dutenek.

Bi aukera: 48 km eta 26 km
Mendizaleek bi ibilbideren artean hautatzeko aukera izanen dute: ibilbide handia, 48 km-koa eta 2.700 metrotako desnibel metatua duena; eta ibilbide txikia, 26 kilometrokoa eta 1.200 metrotako desnibelekoa. Ibilbide laburrak gutxi gorabehera 7-8 orduko lana eskatzen du eta martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da.

Bi ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasiko dira, 7:00etan. Mendizale guztiek Urdiainera joko dute. Urdiaindik Urbasa-Andiara igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagaingo gurutzera helduz. Portutik barna, Gainsolera helduta, bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna eta Cementos fabrikako atzealdetik Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenak Kipular igoko dute, gero Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren, Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsiko dira, Sarabetik, eta San Pedrotik eta Basoitxitik barna Altsasuko Gure Etxera helduko dira.

Zelaiak gaineratu zuenez, 5 hornidura gune egongo dira: Urbasan, Ziordian, Sorozarretan, Saraben eta Gure Etxean. Zer jan eta zer edan ez da faltako; famatuak dira eskaintzen diren hamaiketakoak. Fruta, fruitu lehorrak, opilak eta bestez gain, “Ziordian ehiza prestatzen dute; aurten basurdea izango da. Eta Sorozarretan beharrean, urdaiazpiko magrak tomatearekin Saraben eskainiko dituzte. Bestela magrak jan ondoren Balankaleku igotzea… hobeto jaitsieran jatea” diote, irribarrez.

Markatzea errespetatzeko deia
Julian Otaegik azaldu zuenez, Dantzaleku-Sakanak egingo ditu proba ez lehiakorreko markatze lan guztiak. “Gai honen inguruan zenbait ediziotan arazoak izan ditugu. Ibilbidea markatzeko jarritako markak, hori koloreko plastikozko zinta pusketak, kendu izan dizkigute. Eta behin, gainera, ibilbidea pasatzen ez zen eremuetan jarri zituzten. Horrek sekulako nahasmena sor dezake. Bereziki Ziordia eta Kipular tartean gertatu izan zaigu hori. Probaren egunean bertan, proba hasi baino lehen, pertsona batek aurretik ibilbidea egin dezala saiatzen gara, baina gerta daiteke proba korrikan osatzen dutenek pertsona hau aurreratzea. Beraz, soilik deialdi bat egiten dugu, jendeak ibilbidea jarraitzeko jartzen ditugun markak errespetatzea” eskatu zuten Zelaiak eta Otaegik.

Parte-hartzeko deia
Antolatzaileek Hiru Mendi Zerrak proban parte hartzeko deia egin diete sakandarrei. “Espero dezagun eguraldiak laguntzea eta gure mendi ederretan goiz eder bat pasatzea. Guztiak zarete ongi etorriak” gonbidatu zuten Zelaiak eta Otaegik. Aurreko urtean 400 mendizalek osatu zuten ibilbide ez lehiakorra.

Izena ematea
Aurretik, www.mendizmendi.com edo www.zirkuitua.com web guneetan, martxoaren 28ra arte (13 euro). Epe horretatik aurrera ezingo da izena eman.