Helena Taberna Vianako Printzea sarirako hautagaien artean

Guaixe 2016ko api. 4a, 12:54

Nafarroako Gobernuak deitutako Kulturako Vianako Printzea sariaren XVIII. ediziorako bederatzi hautagaitza erregistratu dira. Horien artean dago Helena Taberna zinemagile altsasuarra, Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek proposatuta.

Helena Taberna  
Nafarroako Helena Taberna zuzendaria, produktorea eta gidoilaria duela hogei urte baino
gehiago hasi zen zinema-munduan. Fikziozko pelikulak eta dokumentalak egin ditu, eta terrorismoa, inmigrazioa, memoria historikoa edo indarkeria matxista bezalako gaiak jorratu
ditu, betiere ikuspegi oso pertsonalarekin, hausnarketaren bidez eta konbentzionaletik
ateratzen diren pertsonaiekin hunkitzea bultzatzearren.

Alsasua 1936 (1994) film ertainean, Gerra Zibilaren ondorengo errepresioaren fresko bikaina
gauzatu zuen Marino Ayerra osaba apaizaren memorien bitartez. Gainera, kontu hori berriz
landu eta zabaldu zuen fikziozko bigarren film luzean: La Buena Nueva (2008), eliza katolikoak
1936ko gatazkan izan zuen paperean oinarrituriko lehen pelikuletariko bat.

Lehen film luzean (Yoyes, 2000), berriz, euskal gatazkara hurbildu zen, eta María Dolores
Gonzalez Katarainen, Yoyesen, draman pertsonalizatu zuen. ETArekiko militantzia uzteko  hartutako erabakiarengatik bizitza galdu zuen Yoyesek. Lan horrekin, Helena Tabernaren
zinemaren beste ezaugarri bat bistan geratu zen; hain zuzen ere, kolektiboaren aurrean
banakotasunak duen garrantzia.

Haren zintek duten konpromiso soziala beste behin islatu zen Extranjeras (2003) izeneko lehen
pelikula dokumentalean. Bertan, Madrilgo Lavapies auzoko hainbat emakume etorkinen esperientziak aurkezten ditu XXI. mendearen lehen hamarkadan.

2010. urtean, Helena Tabernak dokumentala erabiliko du berriro ere, San Fermin jaien erdian
Nagore Laffage erizaintzako ikasleak jasandako heriotza gogorra jorratzeko.

2016. urteko ekainean, Helena Tabernaren lehen pelikula estreinatuko da: Acantilado. Filma
Lucía Etxebarriaren El contenido del silencio nobelan inspiratu da, eta Nafarroako Gobernuak
koproduzitu du.

Zinemagileak, pelikulen osagarri gisa, material didaktikoak ere argitaratu ditu, jorratutako gaien eztabaida hezkuntza-gunera eramatearren.

2006. urtean, zinemako beste zuzendari batzuekin batera, CIMA sortu zuen Helena Tabernak,
Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezkoen Baliabideetako Emakumeen Elkartea. Elkarteak
200 bazkide baino gehiago ditu dagoeneko, eta ikus-entzunezkoen arloan emakumeak presentzia ekitatiboa izatea lortu nahi dute.

Sariaz
Sariaren helburua "kultur munduko pertsona edo erakunde aipagarrien ibilbidea nabarmendu eta aitortzea da, honako hauek barnean hartuz: alde batetik, arte plastiko, musika, literatura eta beste alor batzuetako sormen-jarduera, eta bestetik, zientzia, teknika eta ikerketaren alorrean egindako lana". Irabazlearen izena apirilaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko da, eta saria maiatzaren 28an banatuko da Erriberriko Errege Jauregian.
Vianako Printzea saria 1990ean sortu zen Vianako Printzea erakundearen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko, Nafarroako Foru Aldundiak 1940ean eratutako erakundea, kultura sustatzeko helburuarekin, ondarearen kontserbazioa bereziki, "arte ederrak" lantzeko xedearekin eta Nafarroako herriaren ondarea zaintzeko. Saria kultur esparruan nabarmendutako pertsonak edo entitateak aitortzeko eratu zen.

Sakandar bat sarituen artean
Orain arte 26 alditan banatu da Kulturako Vianako Printzea saria. Hura jaso dutenen artean dago Agustin Gonzalez Azilu musikari altsasuarra, 2009. urtean.