521 mendizale eta giro paregabea Hiru Mendi Zerretan

Guaixe 2016ko api. 4a, 12:08

Eguraldia lagun, bikain joan zen Urbasa, Altzania eta Aralar mendi zerrak lotu zituen mendi ibilbide ez lehiakorra, Nafarroako egutegia mustu zuena

Kontentu zeuden Altsasuko Mendigoizaleak taldekoak. Larunbatean eguraldiak bat egin nahi izan zuen 9. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidearekin eta gure mendiez gozatzeko aukera probestu zuten Altsasun agertu ziren 521 mendizaleak. Bi aukera zituzten: ohiko ibilbidea, 48 km-koa, edo ibilbide laburra, 26 km-koa. Gehienek lehendabiziko aukeraren alde egin zuten. Altsasuko mendi ibilbideak Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien IX. Txapelketa mustu zuen eta, aldi berean, Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuiturako baliagarria zen. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatu zuen Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbide ez lehiakorra, Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin.


Mendizaleak goizeko 7:00etan atera ziren Altsasuko Foru Plazatik. Urdiainera jo zuten, Portuazpitik Urbasara igotzeko. Handik Bargagainera iritsi ziren (1.153 m) eta Gainsolerantz egin zuten, gero Ziordira jaisteko. Ibilbide motza hautatu zutenek Ziorditik Altsasura jo zuten, partzelarietatik. Aldiz, ibilbide luzekoek Altzaniako mendi zerrara jo zuten, Kipular (1.059 m) igo eta Orobe eta Sorozarretara jaisteko. Handik Balankalekura igo ziren (983 m) eta Intxusbururantz jarraitu zuten (946 m), Aralarren. Handik jaitsierari ekin zioten, Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasura iritsiz. Eguraldi bikainari esker ikuspegi bikainetaz gozatu zuten mendizaleek eta ibilbidearen eta parajeen “edertasuna” nabarmendu zuten guztiek. Horretaz gain, antolakuntzarendako loreak izan zituzten. Izan ere, besteak beste, famatuak egin dira Hiru Mendi Zerretan eskaintzen diren hamaiketakoak. Ohiko edari eta janariez gain, aurten Ziordiko hornidura puntuan basurdea dastatu ahal izan zen eta Saraben, Urdiaingo igerilekuen ondoan, magrak tomatearekin. “Aurreko edizioetan magrak Balankalekuko igoera baino lehen eskaintzen ziren, baina mendizaleek egindako proposamenak aintzat hartuta aurten igoeraren ondoren eman ditugu, Saraben, eta gustatu zaie, hobeto iruditu zaie” azaldu dute antolakuntzatik.

Martxa motza hautatu zutenek goizeko 10:00etatik aurrera hasi ziren Altsasuko Foru Plazara iristen, eta martxa luzea hautatu zutenek, aldiz, eguerditik aurrera. Batzuk korrika egin zuten ibilbidea, eta gehienek oinez. Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Javier Zelaiak azaldu zuenez, “guztia bikain joan da, ez da aparteko arazorik gertatu”. Guztia antolatzeko 50 pertsona inguru aritu ziren lanean eta antolakuntzatik nabarmendu zutenez, aurten inork ez ditu ibilbidea markatzeko zintak kendu, aurreko edizio batzuetan gertatu den bezala, eta alde horretatik ere kontentu zeuden.