Azken unean ihes egin zuten 3 puntuek Altsasutik

Guaixe 2016ko api. 4a, 12:53

Erregional maila. 26. jardunaldia: Altsasu 1 – Amigo 2

Dantzalekun jokatutako partidan azken minutuetan 3 puntuek ihes egin zuten Altsasutik, Amigoren poltsikoetara. Lehen zatian Altsasuk partida ona egin zuen eta dominatu egin zuen. Gol jokaldi ederrak sortu zituen Altsasuk eta horietako batean gola sartu zuen Estebanek, izkinako sake baten ondoren. Baina atsedenaldia eta gero Amigoren jarrera aldatu zen eta bigarren zatian dominatzera pasa ziren iruindarrak. Altsasuk ongi eutsi zuen hasieran, baina arbitroen erabaki polemikoak eta zorte txarra tarteko, azkenean Amigok erremontatu zuen eta bana berdindu ondoren, 82. minutuan garaipenaren gola sartu zuen Amigok.

Bestalde, martxoaren 28an elurragatik atzeratutako partida jokatu zuten Altsasuk eta Salesianosek Dantzalekun. 1 eta 2 irabazi zuen Salesianosek. Salesianos aurreratu zen falta sake bati esker, eta nahiz eta Altsasuk berdintzea lortu, kontraeraso batean garaipenaren gola sartu zuen Salesianosek, partida despeditzear zegoela.

Gauzak horrela, Doneztebe da erregional mailako 3. multzoko liderra (68 puntu). Galdu eta gero postu bat galdu du Altsasuk eta orain 10.a da (28 puntu). Asteburuan Doneztebe liderra izango du arerio Altsasuk, Donezteben.