Hainbat altsasuarren artean euren euskara aberasteko kezka aspalditik bada. Altsasuko euskalkia desagertua badago ere, haren ezaugarriak jasoak daude [Altsasuko euskara. Jose Luis Erdozia (2006, Mank)] eta aldameneko Urdiain herrian oraindik eusten diote bereari. Horiek kontuan izanik, Altsasuko euskalkia berreskuratzeko deialdia egin dute. Iortia kultur gunean dago hitzordua jarria. Bertara hurbiltzen direnek euskalkia berreskuratzeko euren proposamenak egin eta denen artean aurrera eraman litezkeenak zehaztuko dituzte.
Gaurko deialdiaren osagarri Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta euskalkietan aditua den Koldo Zuazoren hitzaldiarekin osatu behar zen, baina osasun arazoengatik atzeratu egin da. Zuazo Urdiainen egonaldi luzea egin zuen bertako euskara ikertzeko 2007an eta 2008an. Sakanako euskara. Burundako hizkera liburua izan zen horren emaitza.