Herrirako lau proiektu lantzeko topaketa irekiak

Guaixe 2016ko api. 8a, 09:39

Gaur, 19:00etan. Altsasuko Gure Etxea eraikinean eta apirilaren 9an, larunbatean, 10:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Altsasun alokairu soziala eta helduendako janari zerbitzua martxan nola jarri, pergola bat non jarri eta herriaren irudiaren inguruan hausnartu eta planifikatzea. Horretarako dira EH Bilduk antolatu dituen Zehazten topaketa irekiak. Haietarako joateko EH Bilduko bozkatzailea ez dago izan beharrik, “soilik lau proiektuetako bat lantzeko interesa izatea, herri hobe bat lortzeko helburuarekin”.

Koalizioaren asmoa da altsasuarren parte hartzearekin aipatutako lau proiektu horien inguruko plangintza egitea, hurrengo hilabeteetan landu eta aurrera eramateko. Topaketa irekietan “proiektu ahalik eta hoberenak osatu” nahi dituzte. Gaur antzeko proiektuak landu dituzten pertsonen azalpen laburrak entzun ondoren, proiektuen ezaugarriak definituko dituzte. Bihar, berriz, planifikazioaren txanda izanen da.

EH Bilduk joan den urtean Altsasu 2020 Topaketa Irekietan herrian aurrera eramateko hainbat ideia jaso zituen. Haien artean aukeraketa egiteko bozketa deitu zuen EH Bilduk eta 238 bozkekin gaur eta bihar landuko diren lau proiektuak aukeratu zituzten.