Abizen faltsuen musika

Guaixe 2016ko api. 8a, 11:03

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean Haize Berriak bandaren kontzertua.

Ocho apellidos vascos eta Ocho apellidos catalanes ezagunen ondoren Ocho apellidos falsos heldu da Iortia kultur gunera. Aurreneko biak filmak baziren, azkena Sakanako musika bandaren ikuskizuna da. Aitzakia gisa bandak zortzi musikariren abizenak hartu ditu: Gustav Holst, Ferrer Ferran, Llano, Dizzy Stradford, Robert Finn, Michael Van Delft, Ted Huggens eta Rita Defoort.

Ogasunari ordaintzea eragozteko, beste konpainia batekin hitzarmena zutelako… hainbat arrazoirengatik sortzaile horiek gerora oso ezagunak egin diren piezak beste abizen batzuekin sinatu zituzten. Pieza bakoitzaren aurretik beharrezko azalpenak Luis Orduña zuzendariak emanen ditu.

Zortzi konposiziok osatzen dute kontzertua. Orokorrean emanaldi bizia izanen da, mota guztietako musika erritmoak dituenak: klasikoa, folklorea, pasodoblea… Inauterien ondoren hasi zen prestatzen Haize Berriak banda emankizuna. Altsasuko biharko kontzertuaren ondoren, egitarau berarekin Lerina joanen dira apirilaren akaberan.