Martinezen absoluzioa, berretsia

Guaixe 2016ko api. 11a, 16:12

Edurneri elkarrizketa egiten, haren aldeko ekitaldi batean.

Epaileak fiskaltzaren helegitea atzera bota ondoren, epaia finkoa da.

Edurne Martinez Arresek Donostiako aske gunean militantzia politikoagatik atxilotzeko agindua zuten gazteen babes giza harresian parte hartu zuen (2013ko apirilaren 19an). Ertzaintzak altsasuarra atxilotu zuen eta agintearen kontrako atentatua leporatu zion (15 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna). Joan den urteko garilaren 2an egindako epaiketan fiskaltzak eskaera aldatu eta erresistentzia leporatu zion (10 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna). Azkenik, epaileak Martinez absolbitu egin zuen, ordena publikoko falta bategatik 300 euroko isuna jarriz, Ertzaintzak eskatu zuenean tokia utzi ez zuelako.

Fiskaltzak epaiaren kontra helegitea aurkeztu zuen, erresistentzia edo desobedientzia delitua egiteagatik zigortua izan behar zuela adieraziz. Epaileak, ordea, ez du fiskaltzaren eskaera onartu eta epaia berretsi du. Aldi berean, Martinezen abokatuak helegitea gertakariak zehatzago jasotzeko baliatu du. Hala, epaian jasotzen da Martinez koletatik tiraka eta metro pare bat arrastaka atera zutela aske gunetik eta eskuburdinak jartzen zizkioten bitartean ez zuela ez ostikorik ez esku kolperik jo. Horretarako ezinbestekoa izan da defentsak aurkeztutako bideo bat. Eta horretan oinarrituta ertzain batek Martinezen ostikoak jaso zituela zioen salaketa bertan behera gelditu da. Gazte altsasuarra babesteko sortu zen Edurnerekin bat plataformak hasieratik salatu zuen haren kontrako auzia muntaia poliziala izan zela eta epaiak hori berretsi duela adierazi dute.