Errepublikaren 85 urteurrena gogoan

Guaixe 2016ko api. 14a, 18:22

Soldadu langileen batailoietako kideen omenezko oroigarrian lore eskaintza eginez hasi da Errepublikaren Eguneko omenaldia. Ezker Batuko Arturo Carreñok hitza hartu du eta, lehen lehenik, “askatasunaren eta justiziaren alde guztia eman zuten gizon-emakumeak” izan ditu gogoan.  “Mendeetan iraunen duen zintzotasunaren, ohorearen eta zuzentasunaren hazia erein zuten, gauzak arduraz, ongi eta gardentasunez egitearen oinarri dena”.

Errepublikaren lorpena zerrendatu ditu Carreñok: aberastasunaren banaketa, hezkuntza unibertsala eta publikoa, osasuna, lurren banaketa… “Lanaren eta aberastasunaren banaketa egon den aldi bakoitzean norbait harekin bukatzen saiatu da, eta gehienetan lortu du. Indartsu izan gaitezen eta batuta mantendu, ezinen dute gurekin”. Ehun egunen ondoren Espainiak gobernurik ez izatea kritikatu du. “Langabezia, prekarietatea, miseriazko soldatak, dependentziarako laguntza eskasak eta pentsio txikiak nagusi diren bitartean, egunero ustelkeria gehiagoren berriekin gosaltze dugu”. Carreñok egoerari eusteko deia egin du eta Espainiako hirugarren errepublikaren aldeko aldarria eginez despeditu da.