Nafarroako Akordeoilarien Eguna hartuko du Altsasuk

Guaixe 2016ko api. 15a, 10:02
Hazie Berriak bandaren Zatoz, Agur kontzertuan izan ziren akordeoilariak errepikatu eginen dute.

Igandean eguerdian kalejiran ariko dira eta 12 bakarlarik eta taldek doako jaialdi “anitza eta zoragarria” eskainiko dute 17:30etik aurrera.

Igandean Altsasu Nafarroako akordeoilarien topaleku bihurtuko da. Akordeoilariek euren eguna antolatzen duten seigarren aldia da. Antolakuntzan dabilen Enrike Zelaiak esan digunez, 100 bat akordeoilari elkartuko dira Altsasun etzi. Bazkarirako 200 bat aurreikusten ditu.

Zelaiak azaldu digunez, Akordeoilari Eguna “urtero toki ezberdinetan egiten den ospakizuna da. Lehen akordeoilariendako zen. Festa hartzen zuen herrian kartel batzuk jarri eta kalejira egiten zuten. Gero eurendako bazkaria zegoen eta han jotzen zuten. Mundu guztiari zabalik dagoen jaialdia egitearena nire proposamena da”. Hala, akordeoilarien arratsaldeko jaialdiarekin soinu handiarekin entzutea ohikoak ez diren piezak joko dituzte, euskal musika herrikoia. Akordeoilariak bakarka eta taldeka ariko dira. Denek elkarrekin bost pieza joko dituzte, Agur, Jaunak doinuarekin despeditzeko.


Egitaraua
12:00etan Akordeoilariei harrera eta alkatearen agurra, Burunda pilotalekuan.
12:30ean Altsasun barnako kalejira.
15:00etan Akordeoilarien eta laguntzaileen bazkaria, Burunda pilotalekuan.
17:30ean Infernuko Hauspoa jaialdia, sarrera doan.
19:00etan Agurra, akordeoilari guztiak batera.

Jaialdiko akordeoilarien ordena
1. Enrike Zelaia
2. Victor Valencia
3. Salvador Madariaga
4. Jesus Mari Zubiri
5. Jaime Elizondo
6. Jaime Elizondo (laukotea)
7. Mikel Salaberri
8. Iñaki Gallues
9. Jorge Paris
10. Jorge Paris (boskotea)
11. Javier Lopez Jaso
12. Iñaki Dieguez
13. Joxan Goikoetxea
14. Iñaki+Joxan
15. Enrike Zelaia
16. Akordeoilari guztiak

Bazkaria
Izena eman nahi duenak gaur du azken eguna. Rural Kutxako ES31.3008.0050.3733.3608.2817 kontu korrontean 30 euro sartu behar dira izen-abizenak adierazita. Ordainketa bakarrean pertsona bat baino gehiagoren ordainketa egin nahi bada, baten izen-abizenekin batera gonbidatutako pertsonen kopurua gehitu behar da (izen-abizena + 3 gonbidatu) eta guztiei dagokien diru kopurua sartu beharko da (adibidearekin jarraituz, 120 euro).