Altsasuko euskalkia berreskuratuz… euskararen alde egotetik, aritzera

Erabiltzailearen aurpegia Altsasuko EHE 2016ko api. 22a, 08:00


Urteetan jasandako asimilazio prozesuaren ondorioz, gaztelania oso onartua dugu gure artean zein gure kaleetan eta ez zaigu arrotz egiten hizkuntza hori ikustea, entzutea edota gu hizkuntza horretan aritzea. Hori horrela izanda, Euskal Herrian Euskarazek argi dauka euskaraz bizitzeko behar ditugun aldaketak norbanakoon zein hiztun komunitatearen aktibazioarekin etorriko direla.

Azken urteetako dinamika asko euskararekiko aldekotasuna lortzeari begira izan dira zuzenduak batez ere. Bada garaia, jarreretan soilik zentratu baino, jokabide aldaketetan zentratzen hasteko, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.

Guk argi daukagu aldaketa txikiek herrian aldaketa handiak sortu ditzaketela eta honen adibide garbia dugu azken hilabeteetako Altsasuko euskalkiaren aldeko ekimena. Hilabete gutxian, Altsasuko euskalkiarekiko interesa gazte talde txiki batek izatetik aurreko ostiralean Iortia kultur gunean 150 pertsona biltzera pasa gara.

EHEren ikuspegitik albiste zoragarria da eta, helburua bata edo bestea izanik,  herritarren euskararekiko aktibazioa ematen hasi dela ikusten dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu gazte talde honi iniziatiba honengatik eta Euskal Herri euskaldun baten alde borrokatzeagatik.  Hurrengo ekimenetan elkar ikusiko dugulakoan,

AUPA ZUEK!!!