Klinikako langileek “benetako ikerketa” egitea eskatu dute

Guaixe 2016ko api. 22a, 08:20

Parlamentariak eta Sakanako ordezkariak klinikako arduradunen azalpenak entzuten.

Nafarroako Parlamentuan aurki Josefina Arregi klinikari buruzko mozioa aztertuko dute.

Nafarroako Parlamentuan aurki Josefina Arregi klinika hizketa gai izanen dute berriro. Astelehenean egindako bilkuran Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Ahal Dugu, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta I-Eren mozioa tramitera onartu zuen. Bost indarren testu bateratu horretan Nafarroako Gobernuari Josefina Arregi klinikaren “ezinbesteko lana aitortzeko” eskatzen zaio. Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak martxoaren 16an klinika bisitatu zuenean halako ekimen bat sustatuko zuela jakinarazi zuen.

Astelehenean bertan, Euskadi Irratiko Mezularia saioko Tokikom tartean Esther Gasanz eta Itziar Iturrioz klinikako langileak elkarrizketatu genituen. Klinikarako konponbidea zein litzatekeen galdetuta, biek adierazi zutenez, “benetako ikerketa bat egitea izango litzateke konponbidea”. Gasanzek azaldu zuenez, “klinikako ospitaleko 21 oheak kontzertatuta daude. Gaur egun 170 euro jasotzen dira oheko, baina errealitatea beste bat da, ohearen prezioa kontzertuarena baino garestiagoa delako”. Iturriozek galdera luzatu zuen: “Osasunbideari gurearen moduko ohe bat izatea zenbat kostatuko litzaiokeen jakin nahiko genuke”.  

Biek ere nabarmendu zuten Nafarroan pareko klinikarik ez dagoela: “inon ez dute horrelako zerbitzua hartzen duen oherik, ezta gaixoendako halako espaziorik ere”. Horregatik, klinikak bere egitekoa eskaintzen jarraitzea eskatu zuten, “dagoen kontzertua hobetuz, eta segurtatuz”.

Langileen egoeraz
Horretaz ere galdetu genien. Aitortu zutenez, “klinikan langileen irudimenari  eta esfortzuari esker aurrera egiten dugu, baita material donazioei esker, eta nola ez, enpresek eta pertsona indibidualek egiten dituzten donazioei esker”. Aitortu zuten haien lanak “ahalegin handia” eskatzen diela, “bai mentalki bai fisikoki ere”. Izan ere, klinikaren ekonomia egoeragatik behar baino langile gutxiago daude, eta berez baxuak diren soldatak 2011tik izoztuak dituzte. Egoera “latza” dela aitortu dute. “Hala ere, langileok eguneroko lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara, beti pazientearen ongizatea kontuan hartuz”. Ongi egindako lanaren aitortza gaixoen senideek egonaldia bukatzean erantzundako inkestetan jasotzen dute: “beti pozik, eta tratu egokia jaso dutela adierazten dute”.