Erabakitze eskubidea eta kultura hizpide

Guaixe 2016ko api. 22a, 10:48
Juan Jose Ibarretxe hizlarietako bat izanen da.

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean bi gai horiek izanen dituzte hizketagai Juan Jose Ibarretxek (Lehendakari ohia eta Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria), Ainhoa Aznarezek (Nafarroako Parlamentuko Presidentea), Angel Oiarbidek (Gure Esku Dago) eta Dora Salazarrek (artista altsasuarra).

Gure Esku Dagok eta Agirre Lehendakaria Centerrek antolatu dute gaurko hitzaldia, Open Akademiako beste saio bat ere badena. Open Akademia Agirre Lehendakaria Centerren proiektua da. Zentro horrek, New Yorkeko Columbia unibertsitatearekin eta beste hainbat unibertsitate entzutetsurekin elkarlanean, ikerkuntza, berrikuntza eta ezagutzaren hedapen arloko jarduera bultzatzen du, euskal gizarteari eraldakuntza sozio-ekonomiko arrakastatsuaren eredu gisa proiektatzeko aukera eman dioten erabaki eta proiektu multzoa balioan jartzeko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko.



Open Akademiaren helburua da herritar guztiei hurbiltzea, modu ulergarri eta didaktikoan, Agirre Lehendakaria Centerrek garatutako ikerketen ondorio diren ezagutzak, edukiak eta proposamenak. Aldi berean, Open Akademiak gizartearekin eta gizartean hitz egiteko gunea izan nahi du, bertan sustatu ahal izateko balio, printzipio, uste eta identitateari buruzko eztabaida; horiek guztiek balio behar dute krisian dagoen munduak aurkezten dituen erronka ekonomiko eta sozialei aurre egin ahal izateko.



Bere aldetik, Gure Esku Dago, ekimen anitza eta parte-hartzailea, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lanean dihardu eta hitzaldi horren antolatzaile-kide da; izan ere, aukera bat da euskal herriari etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko dioten oinarriez hitz egiteko eta elkarrekin partekatzeko, iraganetik ikasiz eta geure kultura osatzen duten balio partekatuak identifikatuz.



Altsasuko Udalak ere lagunduko du ekimen horretan, “hitzaldia aukera bat baita altsasuar guztiek eztabaida irekian eta eraikitzailean parte hartzeko”.