Egurrezko eta banbuzko burutazioak

Guaixe 2016ko api. 22a, 16:49
Txefo Mendez erakusketan.

Maiatzaren 8ra arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Txefo Mendezek Joan etorriko bidaiak erakusketa zabaldu zuen herenegun. “Nire egur langintzaren 25 urteetan emandako pausuen errepasoa da erakusketa”. Errefuxiatuek egiten dituzten joan-etorriei ere egiten die aipamena. Tailerrean zituen obrak dira ikusgai daudenak. Erdian egurrez egindako eskulturak. Eskuineko paretan egurrez eta banbuz egindako koadroak. Eta ezker paretan, Mendezen idatziekin egindako argazki muntaketak hartzen dituzten koadroak.

Hainbat zur motekin egindako totem modukoak (pertsonen eta animalien irudiak) eta bestelako lan abstraktuagoak daude ikusgai, “nire burutazioak”. Mendezek azaldu digunez, egur lanketa tradizionala ikasi zuen, gubiekin. “Egurra bizirik dago. Izugarria da. Sentsazio eta irakurketa asko ditu. Burnia moduko beste material batzuek ez didate ezer esaten”.

Horregatik, bere sortze prozesuan apenas dago aldez aurreko marrazkirik edo zirriborrorik. Lantzean sortzen dira “bere burutazioak”.  Eskulturak tinturekin, zerekin eta olioekin tratatzen ditu. “Egurraren arima ikustea maite dut. Denek poro irekia dute, egurrak bizirik segitzen baitu”. Bukatu gabeko eskultura bat ere badago, “jendeak prozesua nolakoa den ikus dezan”. Ibilbideak aihotza eta motozerra txikia lan tresnatzat hartzera eraman du.

Egurrarekin batera banbua ere Mendezendako lehengaia da. “Ilargi jakin batean moztu behar da (otsaileko ilbeheran). Tratatu egin behar da. Eta, hala ere, zartatu egin daiteke”. Zarautz aldean izan zuen banbuarekin aurreneko kontaktua. Banbu desberdinak daudela eta makina bat erabilera dituela azaldu digu Mendezek. Baserritarrek, bidaiek eta ikerketak eman diote banbua lantzeko jakituria. Arrain-aho mozketen eta soken bidez egiten ditu loturak, esaterako.

Lautada gero
Sortzaileak ezker paretan “bidaiari zahar baten abenturak” jaso ditu, erakusketako liburuan daudenak. Bere bizi filosofiaren berri ematen du Mendezek koadroetan eta liburuan. Azken hori salgai dago. Ale bakoitzeko euro bat Lautada gero elkartearendako izanen da. Arabako Lautadan errefuxiatuen alde lan egiten duen taldea da eta Mendez bertako kidea da. Helburu berarekin, erakusketan te poteak salgai izanen dira.

Iortiako erakusketa gela eskatu zuenean, gaur egun lantzen ari den proiektua zuen buruan. Txuri beltzeko biluzien erakusketak, liburuak eta guztia egiteko moduak, making off-ak, osatuko dute proiektua. Baina hori beste batean izanen da. Mendezek egurra lantzen duenean Txefo artea izena hartzen du. Banbua lantzen duenean, berriz, Bambootxef. Biak Iortian.

Itxiera festa
Erakusketak mustutze festa beharrean itxiera festa izanen du. Maiatzaren 7an izanen da, 19:30ean. Bero altsasuarra, Jone olaztiarra, Unai eta Iruñeko beste musikari batzuk emanaldi akustikoan poesia, gitarra eta abestiak eskainiko dituzte. Tea dastatzeko aukera izanen da.