Txistua, eta gehiago

Guaixe 2016ko api. 22a, 12:09

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Txistulariak, gitarra, baxua, metal boskotea, perkusioa, kantariak, dantzariak… horiek eta gehiago elkartuko dira Burundar Txistulariak taldeak antolatutako kontzertuan. Urtez urte izena eman diote emanaldiari. Juan Pablo Urizar taldekideak azaldu digunez, horrekin “urtez urte, lan egiteari ez diogula utzi adierazi nahi dugu”.

Kontzertuaren izenburuak, aldi berean, azken bi-hiru mendeetan izan diren txistulari guztiak gogoan izan nahi ditu. Urizarrek gogorarazi duenez, “dokumentuetan jasoa dago 1700 urterako txistulariak eta ttunttuneroak bazeudela gurean. Aurretik izan diren txistulari guztiak gogoan izan nahi ditugu: Altsasuko Delfrade familia, Urdiaingo Ostiza, Zelestino Pozueta…” Haiekiko begirunez, azken horren pieza bat joko dute bihar. “Ahaztuta ditugun txistulari mordo bat. Ia-ia haien lanez eta ondareaz baliatzen ari gara. Hortik pixka bat jaso eta harekin segitzeko nahia dugu”. Beraz, txistulariak izan dira, daude eta izanen dira.

Emanaldiaz
Taldearen bosgarren kontzertua da biharkoa. Urizarrek azaldu digunez, “emanaldi honekin saiatzen gara jendeari adierazten txistuarekin kalejirak eta festak alaitzeaz aparte bestelako gauzak egin daitezkeela. Txistua asko garatu da. Joan den urtean Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin jo genuen. Txistua edozein musika tresnarekin batera jo daiteke gaur egun. Sonorizazio onarekin, beste musika tresnen laguntzarekin, halako kontzertuetara etortzen den jendea harrituta ateratzen da”.

Emanaldia 25 bat txistularik eskainiko dute. Haietatik 14 bat dira Burundar Txistulariak taldekoak. Metal boskotea, perkusioa, Burlatatik eta Gasteiztik heldu diren lagunak dira. Gitarra eta baxua…
Errepertorioan 1556 urtetik gaur egunera arteko obrak izanen dira entzungai. “Pantxoa eta Peioren kantu baten moldaketa egin dugu. Gurekin batera Itziar eta Erkuden Flores ahizpek kantatuko dute. Moldaketa Karlos Sanchez taldekideak egin du. Aurretik ere halakoak egina da. Moldaketak egiteaz aparte, konpositorea ere bada. Bere obra bat ere joko dugu”. Etorkizuna dantza taldeko dantzariak izanen dira, ere, baina ez da herri dantzarik izanen. “Erritmoak aldatzen dituen dantzak, habanerekin, baltsekin… berritzen”. Altsasuko dantza eskolakoak ariko dira eszenan.

Taldeaz
Burundar Txistulariak taldea duela zortzi urte sortu zen. “Talde egonkorra izan dadila saiatzen gara. Jendea sartu eta atera egiten da. Nahi duen guztiak ateak zabalik ditu. Ostiralero, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean elkartzen gara”. Urtean barna, Burundar Txistulariak taldeko bost bat kide Gasteiz, Donostia, Iruñea, Burlata, Barañain edo Tafallako festetako txistulari alardeetan parte hartzen dute.

Zelestino Pozueta Galartza
Musikaria 1898ko maiatzaren 19an jaio zen, Olatzagutian. Musika ikasketak sorterrian hasi zituen eta Altsasun eta Iruñean eman zien segida, pianoa, organoa, harmonia eta konposizioa ikasiz. Txistu bandetarako euskal kutsuko partitura-sorta sortu zuen, 60 bat.
 
Haien artean Iruñatarra kalejira nabarmendu daiteke, La escoba izenez ere ezagutzen dena. 1923ko sanferminetako banden txapelketara aurkeztu zuten. Garai hartan hasi zen jendea musikaren doinura kuxkurtzen eta zutitzen. Gero, Tolosako musika bandako zuzendariak, Feliciano Beobidek bandarako moldatu zuen. Obra bera Luis Aranburuk txistulari bandarako egokitu zuen eta Tomas Araguesek txistu eta metaletarako.

Pozuetak konposatutako beste lan ezagun batzuk Urbasa, Goierritarra edo Irimo dira. Sortzaile olaztiarra Urretxun hil zen, 1968ko apirilaren 13an.

Urizarrek azaldu digunez, “guk Pozuetaren gauza xumeren bat jo izan dugu”. Baina bihar joko dutenaz azaldu digu estatu guztian jo izan den pieza dela; “jendea zein obraz ari garen jakitean asko harrituko da”.


Egitaraua          
Obra Egilea        
Burundarrak Karlos Sanchez Eskiza.
Rapsodia Luis Urteaga (Oiartzungo 2. lehiaketarako sortua, 1923ko agorrila).
Goizueta Herrikoia. Moldaketa: Jose Ignazio Ansorena.
Kontrapas 1. zbkia Jose Mª Gurutxaga.
Bariaziodun baltsa Federico Corto.
Habanera- Arin arin Ezezaguna. Moldaketa: Jose Ignazio Ansorena.
Lezea zortzikoa Moldaketa: Kepa Pinedo.
Aintzineko minuetoa Luis Aranburu. Moldaketa: Txomin Agirregomez.
Eperrak Niko Etxart. Moldaketa: Karlos Sanchez Eskiza.
Azken dantza hau Manex Pagola & Pantxoa eta Peio. Moldaketa: K. Sanchez Eskiza.
Txapela buruan Karlos Sanchez Eskiza.
Iruñatarra Zelestino Pozueta Galartza.



Erlazionatuak